EAJk kanpainako ekitaldi nagusia egin du Hernio mendian

Urola Kostako Hitza 2020ko uztailaren 5a

Alderdi politikoak datorren igandean, uztailak 12, egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainan bete-betean murgilduta daude, eta EAJk Hernio mendian egin du gaur, igandea, ekitaldi nagusia. Jeltzaleek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru mendi hautatu dituzte ekitaldiak egiteko. Zaldiaran, Serantes eta Hernio mendietan izan dira EAJko hautagaiak, eta gipuzkoarrek Hernio hautatu dute.

Txistu eta danbolin doinuekin igo dira mendira jeltzaleak, eta Zelatunen eman dituzte azalpenak. 12:00etan, gainera, adarrarekin egin dute ekitaldiari hasiera emateko deia. Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak bere mezua bertso batekin azaldu du. "Hernioko gurutzearen azpian, zin egiten dugu, guztion artean Euskadi zutik jarriko dugula, aurrekoei zor diegulako, momenturik txarrenetan ere Euskadi zutik mantendu zutelako, eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegulako", aldarrikatu du Tejeriak.

Ekitaldian azaldu dute "azken 40 urteotako hauteskunderik garrantzitsuenak" direla, eta herritarrei botoa emateko deia egin diete. "Mendira etorri gara, gure asabek egiten zuten moduan: salbuespen egoeren aurrean, salbuespen neurriak hartu behar dira", azaldu dute jeltzaleek. "Hiru dira Euskadik hurrengo lau urteotan igo behako dituen gailur gogorrak: enplegua, gizarte kohesioa eta autogobernua. Erronka honek exijitzen digu indarrak batzea, eta EAJk indarra, burua eta bihotza batzen ditu”, adierazi dute. 


Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide