Konfinamendua hasi zenetik, ez dute koronabirus kasurik atzeman Errezilen. Nola ikusten duzu egoera?
Momentu honetan egoera nahiko ona dela esango nuke, herrian ez baitugu kutsaturik guk dakigunez. Herritarrak ere zintzo eta zorrotz ari dira betetzen emandako aginduak. Errezildarrak segituan konturatu ziren hau kontu serioa zela, eta hemen, herrigunean, oso ondo bete dira arauak. Landaguneko herri txikia izanik, irekita dugun leku bakarra denda da, eta horra banaka sartzen da jendea eta distantziak ondo beteta. Jendea bere baserrian dago; hori da Errezilek duen alde ona, herritar asko baserrian bizi direla.
Baserrian bizi diren asko adinekoak dira, gainera. Ba al duzue horien egoeraren berririk?
Bai. Gizarte Zerbitzuetako teknikaria etxetik hasi zen lanean konfinamendu hasieran, eguneroko deiak kudeatzeko. Errezilen, bakarrik bizi diren adinekoak oso gutxi dira, bizpahiru edo; gainontzekoak, familiarekin bizi dira. Etxez etxeko zerbitzua zeukatenei egunero-egunero deitu diete Gizarte Zerbitzuetakoek. Nik esango nuke herriko adineko jendea kontrolatuta dugula.
Hemendik aurrera konfinamendua malgutzen hasiko da. Zer neurri hartuko ditu udalak kutsatzeak saihesteko?
Orain arte hartu ditugun neurriez aparte, ez dugu bestelako neurri berririk ezarriko. Herri txikia izanik, taberna bakarra dago herrigunean, eta haiekin harremanetan jarri gara irekiera zentzukoa izan dadin eta distantziak manten daitezen; baita higiene aldetik neurri zorrotzak hartu ditzaten ere. Gainontzean, nik uste dut herritarrek badakitela zer neurri bete behar dituzten. Zalantzak baditugu, ordea, eraikin publikoak ireki beharko ote genituzkeen ala ez. Laster hasiko gara aurrez aurreko zerbitzuak pittinka-pittinka baimentzen, baina telefono bidezko zerbitzua hobetsiko dugu.
Ekonomia gogor kolpatu du koronabirusak. Zein da une honetan herriaren egoera?
Beste lekuetan bezalaxe, Errezilen ere dezenteko zaplastekoa jaso du ekonomiak; gehienbat, ostalaritzan. Herrigunetik kanpora bizpahiru jatetxe eta taberna daude, eta horiek itxita jarraitzen dute. Bestalde, baserritarrak beren martxan ekoizten ari dira produktuak orain ere. Tartean, artzainak daude, gazta egiten dutenak. Horientzat zailagoa da egoera, sagardotegiak-eta itxita daudelako. Azoketara beren produktuak saltzera joaten ziren baserritarrak, hasieran geldirik egon dira, eta berriro hasi dira martxan. Industrian ere, nahiko enpresa indartsua dugu herrian, eta lehen bi asteak geldirik egon zen lantegia. Orain, ordea, badirudi ekoizpena apur bat martxan jartzen ari direla.
Agintaldi honen hasieran UROLA KOSTAKO HITZAri eskainitako elkarrizketan esan zenuen Errezilgo Udalaren egoera ekonomikoari buelta ematea lortu zenutela. Zein da egungo egoera?
Esango nuke nahiko ona dela. Zorpetze maila oso baxua dugu uneotan. Urtearen hasieran aurrekontuak onartu genituenean, 2020an zor guztia kitatzea espero genuen, baina ikusita egoera honetan gauzak nola dauden, zaila izango da. Pentsatzen dut datorren urtean zorra zeroan izango dugula.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du jaitsi egingo dela udalen finantzazioa.
486.500 euroko Foru Funtsa jasotzea espero genuen. Aldundiak funts horren %20 murriztuko du; beraz, gutxi gorabehera 100.000 euro gutxiago jasoko ditugu. Bestalde, baserri bideak konpontzeko dirulaguntzen deialdia ere bertan behera gelditu da. Foru Funtsa eta baserri bideetako laguntza kenduta, 135.000 euro gutxiago aurreikusten ditugu, eta Errezilentzat kolpe handia da hori.
Nola joan da agintaldi berriko lehen urtea?
2019a oso ondo amaitu genuen, eta gure aurreikuspenak zuzen joan ziren. Dirulaguntza potoloak lortu genituen, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik. Horrez gain, gerakin positiboarekin amaitu genuen urtea. 2020rako aurrekontuak oso ondo bideratu genituen. Gero, koronabirusa etorri da, geldirik egon gara, etaaurrekontuak berraztertu behar izan ditugu. Agintaldi berriko lehenengo urtearen balorazio ona egiten dut.
Aurreko agintaldian ez bezala, orain, bi alderdi zaudete udalean: EH Bildu eta Errezilgintza. Nolakoa da haiekin duzuen harremana?
Nahiko harreman ona dugu Errezilgintzakoekin. Esanda bezala, 2019ko ekainetik ondo joan da guztia. Aurtengo aurrekontuak onartzeko garaian ere, elkarren iritziak trukatzeko aukera izan dugu, eta beraiek beren aportazioak egin dituzte. Akordio batera iritsi ginen, eta 2020ko aurrekontuak aho batez onartu genituen.
Errezilgo biztanleria jaisten ari da. Gai horri heltzeko konpromisoa hartu zenuten.
Gai potoloa eta konplexua da. 2019ko uda-udazken inguruan galdeketa orokor bat egin genuen etxebizitzaren inguruan. 18 urtetik 45 urtera arteko herritarrei egin genien inkesta, eta 144 pertsona daude herrian tarte horretan. Horietatik 103rekin hitz egin genuen, etxebizitzaren beharren inguruan. Ezustekoa hartu nuen erantzunekin. 103 herritarretatik 89k ez dute etxe beharrik, eta 103 horietatik 14k etxebizitzaren beharra adierazi dute; behar nabarmena zutela adierazi zutenak lauzpabost izan ziren. Pertsona horiei galdetu genien non gustatuko litzaiekeen bizitzea, udalerrian edo kanpoan, eta herrigunean edo baserrian. Gehienek Errezilen bizi nahi dute, eta horietatik gehienek baserrian. Datu horiek eskuetan izanda, bilera egin nahi genuen benetan etxebizitzaren beharra zutenekin, baina konfinamenduagatik dena bertan behera gelditu da.
Baserri bideak konpontzeko beharraz ere aritu zinen.
Baserri bideetako inbertsioa Errezilgo Udalaren urteroko inbertsio potoloenetariko bat da. Errezilen, gutxi gorabehera, 50 kilometro baserri bide daude, eta denek konponketa beharra dute; ari gara apurka konponketak egiten. Ez dugu izango Foru Aldundiak ematen duen baserri bideen dirulaguntza, baina hala eta guztiz ere, guk aurrera eramango dugu proiektu hori.
Zein dira aurrera begira Errezilgo Udalak dituen erronka nagusiak?
Alarma egoera honek denok aztoratu gaitu apur bat, eta aipatu ditudan inbertsioekin jarraitu behar dugu aurrera begira ere. Saneamenduarekin ere arazoa dugu. Errezilgo herrigunean dagoen saneamendu sarean, hiru isurketa daude hemendik errekara. Kasu gehienetan, ur-zikinak eta euri-ura bateratu egiten dira errekan. Gure erronka nagusienetariko bat da banaketa hori egitea herritik irteeraraino, eta errekara ur garbia soilik joan dadin bermatzea. Eta ur zikinak berriz, hobi batetik araztegira joatea. 2022-2027 artean badago aurreikuspen bat aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin araztegi bat egiteko. Datorren urtean gai horri heldu beharko diogu berandu baino lehen.