Eneko Agirretxe errezildarra garaile, Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketako lehen kanporaketan

Urola Kostako Hitza 2020ko martxoaren 10a

51. Gipuzkoako Hiru Txirlo bola joko txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten joan den larunbatean Elgoibarren, eta errezildarra izan zen garaile, sei txirlorekin. Azpeitian jokatuko dute hurrengo kanporaketa, larunbatean.

Joan den larunbatean hasi zen 51. Gipuzkoako Hiru Txirlo bola joko txapelketa, Elgoibarren, eta Eneko Agirretxe errezildarra nagusitu zen kanporaketan. Guztira, 70 bolarik parte hartu zuten lehian, eta Azkoitiko Floreaga taldeko kidea den errezildarrak bota zituen txirlo gehien; sei. Une honetan, sailkapenaren buruan da Agirretxe. Talde bereko Gorka Etxaniz azkoitiarra sailkatu zen bigarren, bost txirlorekin; eta hirugarren, Lastur taldean ari den Mateo Guenaga markinarra –bost txirlo bota zituen hark–.
 
Azkoitiko taldekideek hasiera borobila eman diote, beraz, txapelketari. Datorren jardunaldia Azpeitiko Garmendipe bolatokian jokatuko dute; larunbatean izango da saioa, martxoak 14, 17:00etan hasita.
 
Hainbat jardunaldi jokatuko dituzte txapelketan; hona hemen egitaraua:
 
-Martxoak 14. Garmendipe, Azpeitia.
-Martxoak 28. Asola Berri, Eibar.
-Apirilak 4. San Pedro, Elgoibar.
-Apirilak 18. Lastur, Itziar.
-Apirilak 25. Leintz Gatzaga.
-Maiatzak 9. Elgeta.
-Maiatzak 16. Aretxabaleta.
-Maiatzak 23. San Joxepe, Bergara.
-Maiatzak 30. Floreaga, Azkoitia. Final eguna izango da.
-Ekainak 6. San Andres, Soraluze.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide