Belaunaldiak eta esperientziak

Maialen Etxaniz 2020ko martxoaren 10a

Errezilgo emakumeek elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute eta esperientziak partekatzeko nahiz etorkizunaz hausnartzeko kafe tertulia berezia egin berri dute.

Martxoaren 8aren atarian, giro epelean eta gertukoan, akeita eta etxean eginiko gozokiez lagunduta, kafe tertulia mamitsu bezain interesgarria egin zuten adin desberdinetako emakume errezildarrek larunbatean Borondegi kultur elkartean. Errezilgo etorkizuna hainbat belaunalditako emakumeen begietatik izenburupean aritu ziren solasean hitzordura animatu ziren lagunak, beren esperientziak ardatz hartuta. Irati Urdalletak eta Izaro Zinkunegik gidatu zuten saioa, eta haiek egindako galderei erantzunez hausnartu zuten kafe tertulian parte hartu zuten emakumeek.

2016. urtean argitaratutako Emakumea euskal landa ingurunean deitutako ikerketan jasotako hainbat datu oinarri hartuta ekin zioten elkarrekin hausnartzeari. Sei ataletan banatu zuten kafe tertulia: nekazaritza eta abeltzantza, etxeko lanak, etxeko zaintza, bizitza soziala eta aisialdia eta aurrera begirako erronkak. Guztira, bederatzi emakume eta gizon bat aritu ziren solasean: 0 eta 29 urte arteko bost emakume, Elaia Azpillaga, Garazi Urdalleta, Irati Urdalleta, Josune Aizpuru eta Izaro Zinkunegi, eta belaunaldi bereko gizon bat, Ibai Otaegi; 30 eta 45 urte arteko emakume bat, Nekane Zinkunegi; 46 eta 60 urte arteko bi emakume, Eneka Lazkano eta Leire Lazkano, eta 60 urtetik gorako emakume bat, Maitere Bengoetxea. Bakoitzak bere bizipenetatik elikatu zuen belaunaldi arteko errezildarren kafe tertulia.

Bizimoduaz eta aldaketez

Mahai gainera ateratako ideia guztietatik gutxi batzuk arrantzatu ostean, ateratako ondorioak aletuta datoz hurrengo lerroetara.

Errezilgo emakume gazteek eta helduek oso modu desberdinean bizi izan dituzte baserria eta baserriko lanak. Gazteenek diote baserria zerbait "osagarria" dela beren bizitzetan. Helduagoek, berriz, bizitzeko modu gisa ulertzen dute baserria eta horren bueltan dagoen guztia. Hala ere, diote orain bestelakoa dela egoera, eta jendearen begietan baserriak eta lurrak ez duela baliorik gaur egun.

Emakumeek etxean eta zaintza eremuan dituzten ardurak tarteko, badago sentipena gizonek baino aukera gutxiago dutela nahi dutena egiteko denbora hartzeko. Lehenik betebeharrak dauzkatelako, eta, ondoren, atera behar dutelako beren gauzak egiteko denbora. Adinaren arabera badago aldea horretan. Zaintza kargarik ez duten gazteenek eta erretiroa hartu eta bilobez arduratu behar ez duten adinekoek, adibidez, "askatasun gehixeago" dutela diote.
Bizitza sozialari eta aisialdiari dagokionez, iritzi antzekoa dute guztiek, eta diote, urteen poderioz, emakumeek esparru publikoan protagonismoa hartu dutela Errezilen, elkarteetan gauzak antolatzen, ardura zehatzetan, politikan... baina ez direla sozialki emakumeei esleitu zaizkien betebeharretatik askatu, esparru publikorako urratsa egin duten neurri berean. Alegia, herrigintzako arloren batean edo bestean parte hartzeaz eta lan egiteaz gain, etxeko lanen eta zaintzaren ardura beren gain edukitzen jarraitzen dutela diote.

Beste herriren batetik Errezilera mugitzen direnentzat gurasotasuna da sozializatzeko ia aukera bakarra. Herriko eskolarako adina duten seme-alabak dituztenek badute aukera haurren adinkide diren gainerako gurasoekin harremana izateko, eta horren araberako bizitza soziala izateko: eskolako bileretan, eskolaz kanpoko jardueretan... Edonola ere, guraso elkartean parte hartzen dutenen gehiengoa amak dira. Geroz eta aita gehiago ikusten dira seme-alabak eskolara eramaten eta handik jasotzen, baina bileretan parte hartzen dutenak oso gutxi dira oraindik. Solasaldian parte hartu zuen emakume adinekoenaren ustez, herrian eskaintzen diren ikastaroak edota aisialdirako eremuak positiboak dira, horietan egiten den jardueragatik baino, elkartzeko, hitz egiteko eta bizipenak partekatzeko aukera ematen dutelako. Baina laugarren adinetik erreparatuta, dagoeneko erretiratuta dauden emakume gazteagoak jarduera horietara animatzen ez direnaren irudipena du, eta horrek pena ematen dio.

Aurrera begira, zer?

Errezil izaera oso bereziko herria dela pentsatzen dute belaunaldi guztietako emakumeek. Ondorioz, diote zaila egiten dela kanpotik herrira joaten direnak bertan integratzea. Halaber, diote herrian oso errotuta dauden emakume zein gizon izaeretan sartzen ez direnentzat ere ez dela erraza Errezilera egitea. Hori dela eta, erronka bat jarri dute: familia eredu edo askotariko bizimoduak bultzatzea eta ikusaraztea. Era berean, diote gurasotasunaz aparteko sozializaziorako bideak pentsatu eta antolatu beharko liratekeela. Dagoeneko jarri dituzte ekintza batzuk martxan, eta adierazi dutenez, hilean behingo pintxopoteoak lagundu du herri bizitza astintzen. Dena den, guztiak ados datoz gauza batean: "Ekintza sozialek ere ezin dute behartutako zerbait izan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide