Martxoak 8 da gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta data berezi hori elkarrekin ospatu dute hainbat belaunalditako emakume errezildarrek.
Azken urteetan egin gisan, aurten ere askotariko ekintzak antolatu dituzte Errezilgo emakumek Martxoaren 8aren bueltan. Errezilen nahiz Bidania-Goiatzen egin dituzte ekintzak aurten, Matrakak emakume taldeak, Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilgo udalek eta herriko eragileek, Harremanak hezkuntza elkarteak, Raketisten elkarteak eta Saiaz gizarte zerbitzuen mankonitateak elkarrekin osatu baitute egitaraua.
Atzo, larunbata, arratsaldean kafe tertulia mamitsu bezain interesgarria egin zuten Errezilgo adin desberdinetako emakumeek Borondegi Kultur Elkartean. Errezilgo etorkizuna hainbat belaunalditako emakumeen begietatik izenburupean aritu ziren solasean hitzordura animatu ziren lagunak, beren esperientziak ardatz hartuta. Irati Urdalletak eta Izaro Zinkunegik gidatu zuten saioa, eta haiek egindako galderei erantzunez hainbat gairen inguruan hausnartu zuten kafe tertulian parte hartu zuten emakumeek, hala nola baserriko bizimoduaz, generoaren araberako denbora banaketaz, zaintza eta etxeko lanez eta aisialdiaz. Datozen egunetan plazaratuko du Urola Kostako Hitzak Errezilgo etorkizuna hainbat belaunalditako emakumeen begietatik kafe tertuliaren kronika.
Gaur, aldiz, Bidania-Goiatzera mugitu dira Errezilgo emakumeak, eta 13:00etan elkarretaratzea egin dute gainerako herrietako emakumeekin batera. Kontzentrazioa amaitu ostean bertso bazkariaz gozatu dute hitzordura animatu diren emakume guztiek elkarrekin. Eguna borobiltzeko, berriz, umorez jantzitako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute Errezilen. Izan ere, 18:00etan hasita Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa eskainiko dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik Errezilgo Borondegi kultur etxean.