Martxoaren 8aren bueltan, hainbat ekintza antolatu dute Errezilen

Urola Kostako Hitza 2020ko otsailaren 28a

Hainbat eragilek elkarlanean Martxoaren 8aren bueltan ekintzak antolatu dituzte Errezilen. San Martin herri eskolan egingo dituzte ekitaldi batzuk, eta horiez gainera, martxoaren 7an, Errezilgo etorkizunaz kafe tertulia egingo dute belaunaldi desberdinetako herriko emakumeek.

Astebete pasatxo baino ez da falta Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, eta Errezilen hasi dira dagoeneko egun horretarako prestatzen.  Hainbat ekintza antolatu dituzte Errezilen, Bidania-Goiatzen eta Albizturren, hainbat eragileren artean. Matrakak emakume taldeak, Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilgo udalek eta herriko eragileek, Harremanak hezkuntza elkarteak, Raketisten elkarteak eta Saiaz gizarte zerbitzuen mankonitateak osatu dute Martxoaren 8aren bueltako egitaraua.

Errezilen martxoaren 6an, 7an, 8an eta 12an egingo dituzte ekintzak:

- Martxoak 6, ostirala. San Martin herri eskolan, Emakumeak eta zientzia gaia landuko dute. Skype bidez, zientzialari bati elkarrizketa egingo diote ikasleek.

- Martxoak 7, larunbata. Errezilgo etorkizuna hainbat belaunalditako emakumeen begietatik gai hartuta kafe tertulia egingo dute. 17:00etan hasita, Borondegin.

- Martxoak 8, igandea. Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa saioa izango da, 18:00etan, Borondegin.

- Martxoak 9tik 17ra bitartean, Bizitzaz Blai egitasmoaren barruan, Abiadura desegokia leku desegokietan aztergai gaiaz ariko dira, maskulinitate ereduak landuz. Harremanak hezkuntza elkartearekin egingo dituzte saioak, San Martin herri eskolan. Martxoaren 12an (osteguna) istripuen eszenifikazioa egingo dute, 10:30etik 12:15era, Borondegin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide