EH Bilduko (bost) eta Errezilgintzako (bi) hautetsiek aho batez onartu zuten atzo, osteguna, aurtengorako udal aurrekontua. Errrezilgo Udalak 765.000 euroko aurrekontua izango du aurtengorako. Inbertsioak aurreikusi dituzte herriko frontoia intsonorizatzeko, baserri bideak mantentzeko nahiz seinalatzen hasteko eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrerako (HAPO).
Gastuetan kopuru handiena urteroko udal jardueretako izango dela adierazi du Xebero Agirretxe alkateak: "Pertsonal gastuak, udalaren berezko jardueretako gastuak... Hau da, betiko gastu korrienteak dira gastuen zatirik handiena hartuko dutenak".
Inbertsio berriak
Aurten inbertsioetarako 136.750 euro aurreikusi ditu Errezilgo Udalak. Inbertsioen artetik diru zati garrantzitsuena baserri bideak konpontzeko eta mantentzeko izango da. Horrez gain, herriko baserri bideak seinalatzen hasi nahi du udalak. "Baserriak oso zabalduta daude Errezilen, eta seinalizatzeko asmo horrek lan dezente emango du. Dena den, asmo horri heldu nahi izan diogu, eta urtero-urtero horretarako diru bat aurreikustea erabaki dugu. Aurtengorako 15.000 euro aurreikusi dira", azaldu du alkateak.
Herriko pilotalekua intsonorizatzeko dirua ere aurreikusi dute 2020ko udal aurrekontuan. Alkatearen arabera, "burrunba handia" sortzen da pilotalekuan, "hots guztiek errebotatu egiten dute oihartzuna eraginez". Ondorioz, bertan egotea "oso desorosoa" egiten dela adierazi du Agirretxek. Horri irtenbidea emateko, frontoia intsonorizatzea erabaki du udalak. Errezilgo pilotalekua festetako hainbat ekitalditarako erabiltzen dute, eta batik bat aterpea behar dutenetan: azoka bereziak egiteko, herri afarietarako... Frontoia hosgabetzeko 35.000 euro aurreikusi ditu udalak.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorrerako (HAPO) ere aurreikusi du dirua erakundeak aurtengo udal aurrekontuetan: 10.000 euro. Plan Orokorrari hasierako onespena eman diote, eta orain behin betikoa onartzea falta da. Hori aurten egitea nahi dutela esan du alkateak.