Iganderako zuhaitz landaketa antolatu du Errezilen Lurgaia fundazioak

Nerea Uranga 2020ko urtarrilaren 27a

Lurgaia natur ondarearen kontserbaziorako eta kudeaketarako fundazioak zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko irteera antolatu du otsailaren 2rako, iganderako, Errezilen. Landaketa jardunaldian boluntario parte hartu nahi dutenek asteazkena bitartean eman behar dute izena 'info@lurgaia.org' helbidera idatzita.

Espezie desberdineko zuhaitzak eta zuhaixkak (pagoak, urkiak, lizarrak, astigarrak, elorri zuriak eta abar) landatuko dituzte igandean, otsailaren 2an, Errezilgo lursail batean. "Gipuzkoako bihotzean basoak berreskuratzen laguntzera" eta landaketan parte hartzera deitu ditu herritarrak Lurgaia natur ondarearen kontserbaziorako eta kudeaketarako fundazioak. Hala, landaketan boluntario gisa parte hartu nahi dutenek igandean, 09:00etan, Errezilgo elizaren ondoan dute hitzordua. Parte hartzeko asmoa dutenek urtarrilaren 29rako izena eman behar dute info@lurgaia.org helbidera idatzita. Izena emateko garaian izen-abizenak, adina, jatorrizko udalerria eta sakelako telefonoaren zenbakia zehaztu beharko dituzte.

Zuhaitz landaketan parte hartuko dutenak, igandean, 09:00etan, Errezilgo elizaren atarian elkartuko dira. Bertan Lurgaia fundazioko kideek hitzaldi labur bat eskainiko dute, eta ondoren landatzeko eremura joango dira, oinez 30 minutu inguruko bidea eginez. Edateko ura, goiz erdian jateko zerbait, zikintzeko moduko arropa eta mendiko edo uretako botak eramateko gomendatu die Lurgaiak parte hartzaileei. Landaketarako beharrezko material guztia antolatzaileek beraiek eramango dute. "Gure basoen alde lan egiteko eta goiz eder bat pasatzeko gogoa besterik ez dira behar parte hartzeko", azaldu du Lurgaiak.

Urdaibaitik Errezilera

Lurgaia fundazioa 2002. urtean sortu zuten bertako basoak berreskuratzeko, kontserbatzeko eta naturaren alde lan egiteko. Gaur egun, 450 hektarea baino gehiago kudeatzen ditu fundazioak Kustodia akordioen (dohaintzan edota erabiltzeko lagata) bitartez, eta 35 espezietako 150.000 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditu Lurgaiak, batik bat ingurumen boluntariotza jardunaldietan.

Igandean Errezilen egingo dutena beste boluntariotza jardunaldi bat gehiago izango da, baina Lurgaiak Gipuzkoan egingo duen aurrenekoa. Orain arte, oro har, Bizkaiko Urdaibaiko biosfera erreserban jardun baita, 150 hektarea inguruko baso bat berreskuratzen.

Errezilen landaketa egingo duten lursaila Kustodia akordio baten bidez eskuratu du Lurgaia fundazioak. "Orain arte pinua ustiatzen zen lursail hauetan. Orain, espezie desberdineko zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko ditugu bertan, ahal den neurrian jatorrizkoa izan behar zuen egoera berreskuratzen laguntzeko", adierazi du Lurgaiak. Hitzarmena lurjabearekin egin du Lurgaiak, bertako basoa berreskuratzeko helburuarekin: "Kustodia akordioak mota askotakoak dira, kasu batzuetan erabilerarako bakarrik eta epe jakin baterako utzitakoak dira". Behin zuhaitzak landatutakoan, Lurgaiarena da ardura baso hori babestea eta gainbegiratzea.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide