"Lurra daukanak ez du inoiz zereginik falta izaten. Zenbat nahi, hainbestetxe! Baina orduen mende ez gara ibiltzen, eta hori ere asko da: gaur egiten ez bada, hurrengo egunean egiten duzu eta!", dio Errezilgo Iraola Zarra baserriko Luis Arakistainek (Lastur, Deba, Gipuzkoa, 1957). Iazko ekainean aurretiko jubilazioa hartu zuen Domusa enpresan, eta orain baserriko lanetan aritzen da.
Lazkaoko (Gipuzkoa) Astotxo Egunean, urtarrilaren 12an, Enkanterri arrazako astoen lehiaketako lau sarietatik bi eskuratu zituen Arakistainek: eme heldu onenarena, Argi astoarekin, eta eme gazte onenarena, Silvestrinarekin.
Lazkaon lortutako sariekin gustura, ezta?
Bai, sariekin gustura; gainera, ustekabekoa denean gustu gehiagorekin jasotzen dira, aurrera jarraitzeko motibatzen dute. Urtero egiten da astoen txapelketa hori Lazkaon, eta gure helburua da ahalik eta asto gehien eta dotoreenak elkartzea. Toki askotan daude maila oneko astoak. Hogei urte dira Enkarterrietako astoaren arrazarekin lanean hasi ginela, urtetik urtera hobetzen joan gara arraza hori.
Horrelako lehiaketetan zer hartzen du kontuan epaimahaiak?
Enkarterrietako asto arrazak bere berezitasunak dauzka: neurri zehatz batzuk eduki behar ditu, hezur mehekoa izan behar du, belarriak txikiak eta begi jira eta tripa zuriak. Puntuazioa ezaugarri horien arabera ematen du epaimahaiak. Horiez gainera, animalia nola zainduta eta hezita dagoen ere kontuan hartzen dute.
Noiz eta nolatan hasi zinen astoak hezten?
Orain dela 22 urte hasi nintzen. Orduan, bi asto jarri nituen batik bat belardiak eta basoak garbitzeagatik, arrazari begiratu gabe. Une hartan nire helburua zen sailak garbi edukitzea.
Gero, asto elkartea sortu genuen, Enkarterrietako arraza galtzear zegoela eta, hori bultzatzeko. Orduan hasi ginen arraza honi tiraka, handik eta hemendik astoak bilatzen eta arraza hobetzen.
Enkarterrietako astoaren arrazaren egoera zein da?
Egun Enkarterrietako arrazako 350-400 asto daude erregistratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Orain dela hamabost bat urte, ordea, 70 bat besterik ez zeuden. Gure helburua da arraza hau aurrera ateratzea eta hobetzea. Horretarako dirulaguntza bat jasotzen du elkarteak urtero. Urtero astakume kopuru bat aurrera atera behar da, erregistratu eta jarraipen bat egiten diegu astoei.
Orain zenbat asto dauzkazu?
Zazpi eme.
Beti emeak?
Astarrak eragozpen, lan eta endredo gehiago ematen duelako dauzkat denak emeak. Taldean emeekin batera ibiltzeko astarra ez da animalia segurua. Bere eginkizun eta estaldurak egindakoan ere beti ibiltzen da erasoan; pixka bat molestoa gelditzen da emeen artean. Beraz, astarrarentzat beste lursail eta lehorpe bat edukitzea komeni da; nik besterik ez daukat, eta lagun batekin daukat astarra erdibana.
Astoa beti ezaugarri ezkorrekin lotzen da: egoskorra, zikina... Hala al da?
Hori etorriko da igoal beti lanerako eta baserriko lan nekosoetarako erabili delako. Nik ez dut hori horrela denik uste, inondik inora. Zuk ematen diozuna ematen du astoak: gozo egiten badiozu gozo tratatzen zaitu, eta egurrarekin tratatzen baduzu ostikoa eman edota hortzaka egiten dizu. Derrigorrean denok gara egoskorrak, ez astoak bakarrik. Txakurra kenduta, animalietan dominatzen ia errazenetakoa da astoa. Txiki-txikitatik hartuta oso-oso hezigarriak dira astoak.
Gaur egun ere badu bere funtzioa astoak: sailak garbitzeko balio duela diozu.
Baserritarrari asko laguntzen dio astoak belardiak edota basoak garbitzen, behiak jaten ez duena ere jan egiten du eta. Gainera, itxitura oso sendoak ez ditu behar, ikaratia da eta segituan frenatzen da. Eduki erraza den animalia da astoa.
Asto gazteena zenbat denborakoa daukazu?
Urte eta erdikoa, apirilean bi urte egingo ditu: Silvestrina.
Asto guztien urtebetetze egunak al daukazu gogoan?
Bai, denen jaiotegunak gogoan dauzkat!
Eta ospatzen al dituzue?
Ez, ez, hainbesteraino ez! Asto hauen ospakizuna da belardian ibiltzea lasai eta neguan estalpea edota lehorpea edukitzea. Lo egiteko leku lehorra asko estimatzen dute astoek.
Neguan gozo eduki behar orduan.
Belarditik basoko txabolara sarbidea libre daukate astoek, eta hotza edo bustia sentitzen dutenean, hara joaten dira. Astoa erabateko bustiarekin kokildu egiten da, ahuldu. Negurako aterpea edukitzea garrantzitsua da.