Festa egun handia izan zuten atzo Lazkaon (Gipuzkoa). Astotxo Egunean, Maria, Jose eta Jesusen Egiptorako ihesa irudikatzeaz gain, Enkarterri arrazako Gipuzkoako astorik ederrenak saritzeko lehiaketa ere egin zuten, 21. aldiz. Guztira 150 asto elkartu ziren atzo Lazkaon, horietatik 58 lehiatu ziren lau sari nagusien bila, eta lautik bi sari Luis Arakistain errezildarraren astoentzat izan ziren.
Hain zuzen ere, asto emeentzako bi sariak jaso zituen Arakistainek, eme heldu onenarena Argi astoarekin, eta eme gazte onenarena Silvestrinarekin; 30 hilabetetik gorako astoei zegoen zuzenduta eme helduen lehiaketa, eta 12 eta 30 hilabete artekoek parte har zezaketen eme gazteen lehian. Arakistainen astoek lehiakide gehien izan zituzten sailetan lortu zituzten sariak; izan ere, 40 asto eme heldu, 4 ar heldu, 9 eme gazte eta 5 ar gazte aurkeztu zituzten lehiaketara. Asto onenek 300 euro eta ohorezko zintzarria jaso zituzten Lazkaoko lehiaketan.
Iaz ere eskualdera etorri zen sari bat Enkarterri arrazako Gipuzkoako astoen lehiaketatik, Joxe Mari Lopetegi azpeitiarraren Jaik irabazi baitzuen asto eme heldu onenaren saria.