Joan zen ostiralean ospatu zuten Zumarragan Santa Lutzia feria, eta eskualdeko hainbat ekoizlek eta abeltzainek jaso zituzten sariak han. Hain zuzen ere, Jose Antonio Aizpuru errezildarrak eskuratu zuen Errezil Sagar onenaren saria, eta sari horri dagozkion 150 euroak eta otarre bat.
Kapoi sariketako aurreneko bi aipamenak Aiara ekarri zituzten; izan ere, lehen saria Mari Carmen Egurzak jaso zuen eta bigarrena Jose Ignacio Egurzak. Biek ala biek 150 euro eta giltzarri bana eskuratu zituzten.
Zaldien sariketan, Euskal Herriko mendiko behorretan bigarren onena Azpeitikoa izan da. Mari Karmen Agirrek jaso zuen bigarren saria, eta beraz, 250 euro eta giltzarria. Horrez gain, mendi behor rustiko lote onenaren saria ere Azpeitira eraman zuten: Igancio Arangurenek jaso zuen saria. Hark 450 euro eta giltzarria irabazi zituen.
Santa Lutzi eguneko argazkiak-eta Goierriko Hitzaren webgunean ikus daitezke.