Euskal Herriko harri handietan txapeldunetan txapeldunena da Aimar Irigoien (Errezil, 1986). Bederatzi aldiz izan da txapelduna; iaz, ordea, ez zuen parte hartu, min hartuta zegoelako. Lana tarteko, harri-jasotzen aritzeko lehen adina denbora ez duela dio. Bihar, ordea, lan txukuna egitea gustatuko litzaioke Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Euskal Herriko Harri Handien Txapelketan.
Gaur-gaurkoz, Gipuzkoako harri handietan txapelduna da Irigoien. Urriaren 13an jokatu zuten txapelketa hori Zizurkilen (Gipuzkoa), eta 6.675 kilo altxatu zituen errezildarrak. Haren atzetik bigarren egin zuen Eizmendik, 5.770 kilo jasota.
Zer moduz aurkitzen zara Euskal Herriko Harri Handien Txapelketarako?
Ahal den ondoena prestatzen saiatu naiz, baina ez da erraza. Harri desberdinekin nabil azkenaldi honetan, harri nahasketa handiarekin, alegia. Justu, harri handien txapelketa honetarako gutxi samar entrenatu dut.
Gutxi samar entrenatu duzula diozu. Zergatik?
Orain dela urte batzuk entrenamendu bikoitzak egiten nituen. Lehen, astean bi edo hiru aldiz entrenatzen nuen; orain, baina, aste batzuetan behin bakarrik aritu naiz. Gaur egun, lana eta beste gauza batzuk tarteko, ez dut denborarik hartzen entrenatzeko. Garai batean ez bezala, gaur egun harri-jasotzea hobby gisa hartzen dut; alegia, daukadan denbora librea eskaintzen diot kirol horri.
Zaletasun gisa orduan?
Aurretik esan bezala, lehengo denbora erdirik ez diot eskaintzen harri-jasotzeari, eta lanean pasatzen ditudan ordu guztiak kontuan hartuta, ez zait denbora askorik gelditzen entrenamenduetarako. Hala ere, harri handien lehiara ahalik eta lan onena egitera joango naiz, etxeko lanak ondo eginda.
Iaz Jokin Eizmendik irabazi zuen Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Aurten ere parte hartzaileen artean dago hura.
Jokin aurkari gogorra da. Iaz neu belauneko arazoekin ibili nintzen, ez nuen parte hartu txapelketan, eta berak atera zuen txapela. Euskal Herriko harri handietan hirutan izan da txapelduna Jokin. Aurten ere hor egongo da, zepoa jarrita. Guri gauzak pixka bat konplikatuz gero, Jokinek ez du hutsik egingo. Gainera, urte ona egiten ari da bera. Gainontzeko harri-jasotzaileei buruz, zer esan? Denak izango direla aurkari: Guzta, Aimar Galarraga... Kilo asko jasoko dituztenak dira horiek ere.
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko duzue txapelketa. Plaza ona al da?
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuak ez dauka inolako aitzakiarik, eta oro har, plaza guztiak dira onak. Baina Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa urte askoan Asteasun (Gipuzkoa) jokatu izan da, Gabonetako harri-jasotze jaialdiaren barruan, eta ez dakit zergatik erabaki duten aurten Azpeitian jokatzea. Kontua izango da, ordea, han edo hemen lanak igoaltsu egin beharko ditugula. Ni neu ahalik eta lanik onena egiten saiatuko naiz biharko txapelketan.