Sagarraren Astea ospatuko dute Errezilen igandera bitartean

Urola Kostako Hitza 2019ko azaroaren 25a

Errezilen Sagarraren Astea ospatuko dute egun hauetan. Asteartetik igandera bitartean hainbat ekitaldi antolatu dute fruitu preziatuari balioa emateko. Horrez gain, sukaldaritzarako Ibarbi sagarrak eskaintzen dituen aukera zabalak ezagutarazi nahi dituzte astearen antolatzaileek.

Sagarraren Astea ospatuko dute asteartetik igandera bitartean Errezilen. Egitarauaren barruan, askotariko ekitaldiak egingo dituzte astean zehar, eta igandean, abenduaren 1ean, Errezil Sagarraren Azoka izango dute. Errezilen ekoizten den fruitu preziatuari balioa eman nahi diote, eta fruitu horrek sukaldean eskaintzen dituen aukerak ezagutarazi nahi dituzte. Horretarako, Urola Gustagarrik Errezil sagarraz liburuxka bat ere kaleratu du, bertan Azpeitiko Aisialdi gastro-tokiak eta Errezilgo Granada Erreka jatetxeak proposatutako hainbat errezeta bilduz eta azalduz. Liburuxka hemen deskargatu daiteke. Errezetez gainera, Ibarbi Sagarraren ibilbidearen berri jaso dute argitalpenean eta Sagarraren Asteko egitarauaren berri eman dute. Iraurgi Berritzenen, Urkomeren, Errezilgo Ibarbi Sagarraren Elkartearen, Errezilgo Udalaren eta Errezilgo Azokaren artean antolatu dute egitasmoa.

Errezilgo Sagarraren Astearen egitaraua:

Azaroak 26, asteartea

-19:00. Sagar basatia eta gaur egungo sagarraren arteko desberdintasunak hitzaldia, Juan Gamioren eskutik. Borondegin.

Azaroak 27, asteazkena

- 19:00. Sukaldaritzako ikastaroa, Xabi Izagirre Elikaguneko sukaldariarekin. Hiru ordukoa izango da. Erniope elkartean.

Azaroak 29, ostirala

- Pintxo-potea, Errezil sagarrekin egindako pintxoak.

Abenduak 1, igandea

- 10:00etatik 14:00etara, Errezil Sagarraren azoka. Sagar eta sagarkien postuak, herriko baserrietako produktuak, sagar muztioa, gaztain erreak, artisauak eta sagar dultze lehiaketa.

- 11:00etan, bisita gidatua Errezil-Ibarbi sagarraren ibilbidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide