Igande honetan –azaroak 17– jokatuko dute Errezilgo Kros Mistoa, eta parte hartu nahi dutenek azken egunak dituzte proban izena emateko. Hain zuzen ere, larunbatean itxiko da aurrez izena emateko epea, 22:00etan; ordura bitartean herrikrosa.eus helbidean eman daiteke izena. Dena den, egunean bertan ere eman ahalko da izena, Errezilen bertan, lasterketa hasi aurretik. Aurrez hamar euro ordaindu beharko da izen-ematea, eta egunean bertan, hamabost euro.
Ohi bezala, emakume batek eta gizon batek elkarrekin egin beharko dute krosa; hau da, ezinbestekoa izango da biak elkarrekin helmugaratzea. Bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Umeen probak amaitzean hasiko dira helduak korrika, 11:30 aldean.
Haurren lasterketak, berriz, 11:00etan hasiko dira. HHko umeak lehiatuko dira lehenik; elizari itzuli bat eman beharko diete haiek. Segidan, LH1 eta LH2 mailetako haurren txanda izango da; haiek bi itzuli eman beharko dizkiote elizari. LH3 eta LH4 mailetakoak lehiatuko dira ondoren; eskolari itzuli bat eman beharko diete haiek. LH5 eta LH6 mailetakoak izango dira lehiatzen azkenak; eskolari eta elizari buelta bana eman beharko diete helduenek. Probetan parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik; egunean bertan Errezilera azaltzea nahikoa izango da.
Probak guztiak eta sari banaketa amaitzean, azken urteetan bezala, ardo dastaketa egingo dute.