Gaur hasiko dituzte Errezilen San Martin jaiak, eta festak bere horretan ohi baino murritzagoak izango badira ere, hiru eguneko egitarau betea izango dute herritarrek. Izan ere, hango eragileek Azaro Kulturala prestatu dute hil osorako, eta horren eta igandeko hauteskundeen eraginez, hainbat egokitzapen egin dute aurtengo samartinetan.
Gaur iluntzean, txupinazoarekin hasiko dituzte jaiak, eta oraingoan, Kirol Mahaiak izango du suziria botatzeko ardura eta ohorea, taldeak aurten bosgarren urtez antolatu duelako Kros Mistoa. "Duela urte batzuk, herriko taldeei hasi ginen festetako txupinazoa botatzeko aukera ematen. Hain justu, Kros Mistoa antolatzeko sortu zen Kirol Mahaia duela bost urte, eta orduan bildu zen jendea modu antolatuan lanean hasi zen; bosgarren urteurrenean, polita iruditu zaigu haiei ematea txupina botatzeko aukera", azaldu du Nekane Zinkunegi Festa Batzordeko kideak.
Hiru egunez ospatuko dituzte festak Errezilen, gaurtik hasi eta astelehenera bitartean. Ohiko ekitaldiak izango dira protagonista jaietan, hala nola herri afaria, dantza emanaldia, mus txapelketa eta musika saioak. Dena den, aurtengoan izango da berrikuntzarik; izan ere, estreinakoz, haurrentzako zumba tailerra eta zirku ikastaroa antolatu dituzte larunbaterako. Hasiera batean, Dantzalekuan egitekoak ziren saioak, baina euria eginez gero, Borondegiko aterpean elkartuko dira umeak.
Beste aldaketa bat ere izango da aurten; antolatzaileek iganderako ez dute ekitaldirik prestatu, egun horretan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango direlako. Beraz, samartinetako igandean egin ohi duten azoka abenduaren 1ean egingo dute, Sagar Asteko azokarekin batera. "Bi azoka jarraian egitea baino, nahiago izan dugu Sagar Astea bera indartzea eta egun horretan txertatzea samartinetako azoka".
Azaroa, bete-betea
Astelehenean, San Martin egunean, amaituko dituzte festak. Baina azaroa oparoa izango dute Errezilen, hango festa batzordeak Azaro Kulturala antolatu baitu hil osorako. Samartinetan abiatu eta herrian antolatu ohi dituzten beste ekitaldi batzuekin uztartuta osatu dute egitaraua.
Festa Batzordearen filosofia aldaketa horren helburua "elkarlanari ahalik eta zuku gehien ateratzea" dela azaldu dute. "Nor bere aldetik lanean aritu ordez, elkarri lagundu eta antolatzen diren ekintzak arrakastatsuagoak izan daitezen sustatzea nahi dugu. Beraz, horretan ekarpena egin nahiko lukeen edonorentzako ateak irekita daudela gogorarazten dugu".
Elkarlana xede antolatu dute Festa Batzordeak eta herriko hainbat elkartek Errezilgo Azaro Kulturala egitaraua, eta hilabetearen bukaera arte izango dira ekitaldiak: "Samartinetan arrakastatsuak diren ekintzak mantendu eta azaroko asteburu guztietarako ekintzak antolatu ditugu". Besteak beste, Kros Mistoa, Errautsak hauspotzen proiektuaren aurkezpena eta Sagar Astea egingo dituzte.
EGITARAUA
Gaur, ostirala
16:30. Haur jolasak.
19:00. Triki poteoa herriko trikitilari gazteekin.
20:00. Txupinazoa, Borondegiko balkoitik. Kirol Mahaiak botako du.
21:00. Herri afaria, frontoian, Gaztetandikek antolatuta.
00:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
00:30. Elizagoien ahizpen emanaldia.
Bihar, larunbata
16:00. Mus eta eskoba txapelketak.
17:00. Haurrentzako zumba eta zirku tailerrak, Dantzalekuan edo Borondegiko aterpean.
20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, frontoian.
23:00. Lidia eta Itzeder.
Azaroak 11, astelehena. San Martin Eguna.
11:00. San Martin eguneko meza.
Ondoren, hamaiketakoa Borondegin.