Errezilgo Festa Batzordeak azarorako egitarau bete-betea antolatu du: Errezilgo Azaro Kulturala. San Martin jaietatik abiatu eta herrian antolatu ohi dituzten beste ekitaldi batzuekin uztartuta osatu dute. Festa Batzordea San Martin jaiak antolatzeko lanean murgilduta dabil, eta erronka berri bati heldu dio: "Iazko balorazioa aintzat hartuta, festetako ekintzak azaroko gainerako kultur ekintzekin bateratzeko erronka ezarri dio batzordeak bere buruari. Hala, bi asteburutarako festa ekintzak egokitzeaz gain, konpromisoa hartu du Sagar Astea eta Sagar Eguneko azoka ere indartzeko".
Festa Batzordearen filosofia aldaketa horren helburua "elkarlanari ahalik eta zuku gehien ateratzea" dela azaldu dute. "Nor bere aldetik lanean aritu ordez, elkarri lagundu eta antolatzen diren ekintzak arrakastatsuagoak izan daitezela sustatzea nahi dugu. Beraz, horretan ekarpena egin nahiko lukeen edonorentzako ateak irekita daudela gogorarazten dugu", azaldu du Errezilgo Festa Batzordeak. Hala, ekarpenak egiteko eta lanerako gogoz daudenei jakinarazi die Festa Batzordea asteazkenero biltzen dela, 21:00etan, Borondegiko bilera aretoan.
Hala, elkarlana xede, antolatu dute Festa Batzordeak eta herriko hainbat elkartek Errezilgo Azaro Kulturala egitaraua. San Martin festetako ekitaldiekin hasiko da egitarau hori azaroaren 8an eta hilabetearen bukaera arte izango dira ekitaldiak: "Samartinetan arrakastatsuak diren ekintzak mantendu, eta azaroko asteburu guztietarako ekintzak antolatu ditugu".
Honakoa da antolatu duten Errezilgo Azaro Kulturaleko egitaraua:
- San Martin festak:
Azaroak 8, ostirala
- 16:30. Haur jolasak.
- 19:00. Triki poteoa herriko trikitilari gazteekin.
- 20:00. Txupinazoa, Borondegiko balkoitik. Kirol Mahaiak botako du.
- 21:00. Herri afaria, frontoian, Gaztetandikek antolatuta.
- 00:00. Gaztetxoen dantza emanaldia.
- 00:30. Elizagoien Ahizpak.
Azaroak 9, larunbata
- 16:00. Mus eta eskoba txapelketak.
- 17:00. Haurrentzako zumba tailerra eta zirku ikastaroa, Dantzalekuan.
- 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa.
- 23:00. Lidia eta Itzeder.
Azaroak 11, astelehena
- 11:00. San Martin eguneko meza.
- Ondoren, hamaiketakoa Borondegin.
- Jubilatuen Eguna eta Kros Mistoa:
Azaroak 17, igandea
- 10:30. Gaztetxoen krosa.
- Ondoren, Helduen V. Kros Mistoa eta ardo dastaketa, Dantzalekuan.
- 13:30. Jubilatuentzako meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria, Borondegin.
Azaroak 21, osteguna
- 21:00. Errautsak hauspotzen Urolako trikiti proiektuaren aurkezpena eta mokadutxoa, Borondegin.
- Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira ekintzak:
Azaroak 23, larunbata
- 18:30. Nagore dokumentala, Borondegin.
- 21:00. Afaria, Borondegin izena emanda.
Azaroak 24, igandea
- Arratsaldean, Indarkeria matxistaren aurkako argazki jendetsua.
- Sagar Astea: azaroaren 25etik abenduaren 1era.
Astean zehar, hitzaldia eta sukaldaritza tailerra.
Ostiralean, pintxo poteo berezia.
Igandean, Sagar Eguneko azoka (herriko ekoizle eta artisauen postuekin eta herriko ardi gazta eta menbrillo lehiaketarekin).