Azaroaren 17an egingo dute Errezilgo V. Kros Mistoa

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 21a

Ohi bezala, haurren nahiz helduen lasterketak egingo dituzte egun horretan; helduen proban dagoeneko eman daiteke izena. Gainera, ardo dastaketa ere izango da.

Udazkena iristean, urtero jokatu ohi dute Errezilgo Kros Mistoa, eta aurtengo edizioari ere jarri diote data: hain zuzen ere, azaroaren 17an, igandea, egingo dute proba. Ohi bezala, emakume batek eta gizon batek elkarrekin egin beharko dute lasterketa; hau da, ezinbestekoa izango da biak elkarrekin helmugaratzea. Bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Gainera, haurren lasterketak ere egingo dituzte.

11:00etan hasiko dira probak. Lehenik, haurren txanda izango da, eta horiek amaitzean hasiko da helduen lasterketa. HHko umeak lehiatuko dira lehenik; elizari itzuli bat eman beharko diete haiek. Segidan, LH1 eta LH2 mailetako haurren txanda izango da; haiek bi itzuli eman beharko dizkiote elizari. LH3 eta LH4 maietakoak lehiatuko dira ondoren; eskolari itzuli bat eman beharko diete haiek. LH5 eta LH6 mailetakoak izango dira lehiatzen azkenak; eskolari eta elizari buelta bana eman beharko diete helduenek. Probetan parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik; egunean bertan Errezilera azaltzea nahikoa izango da.

Haurren lasterketak amaitzean hasiko dira helduak korrika. Parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, herrikrosa.eus helbidean. Aurrez hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta egunean bertan, hamabost euro. Probak amaitzean, ardo dastaketa egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide