Ibarbi sagarra ezagutzeko bisita egingo dute Errezilen

Anartz Izagirre 2019ko urriaren 9a

Errezil sagarra eta haren ekoizpena ezagutzeko bisita izango da larunbatean, Errezilen. Bisitarako sarrerak eskuragarri daude oraindik, hiru euroren truke.

Ibarbi sagarraren ibilbideko iazko irudia. (Nerea Uranga)

Sagar bilketaren garaia iritsi dela eta, Urola Gustagarrik, Errezilgo Ibarbi Sagarren Elkarteak eta Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak Ibarbi sagarraren ibilbidea ezagutzeko bisita gidatu berezia prestatu dute larunbaterako. Antolatzaileen arabera, "esperientzia ahaztezina" izango da asteburuko egitasmoa, han parte hartzen duten herritarrek zelai, sagasti eta baserriez inguratuta dagoen "paisaia paregabea" zeharkatuko dutelako eta herriaren ikur den fruta gertutik ezagutzeko parada izango dutelako. Izan ere, naturaz gozatzen duten bitartean, Ibarbi sagarraren ezaugarriak eta haren ekoizpena ikasteko aukera izango dute.

Larunbatean, 11:00etan abiatuko dira bisitariak Errezilgo plazatik, eta bi ordu inguruko bisita gidatua egingo dute. Bidean zehar, gainera, garai batean eta egun sagarra biltzeko erabili izan diren tresnen inguruko azalpenak emango dituzte, eta horiek probatzeko aukera ere izango dute. Era berean, Errezil sagarrarekin egindako jakiak dastatuko dituzte.

Bisita gidatuaren antolatzaileen esanetan, familian eta lagunartean egiteko jarduera aproposa izango da larunbatekoa, eta Errezil eta inguruetan eguna pasatzeko "aitzakia" ere izango da. Bisita gidatuan parte hartzeko sarrerak salgai jarri dituzte antolatzaileek, eta hiru eurotan eros daitezke Borondegi tabernan eta Errezilgo dendan. Egitasmoaren inguruko informazioa lortu edo harako txartelak erreserbatu nahi dituztenek, berriz, i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzi edo 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu dezakete.

Sagar-uzta oparoa

Joan den astean hasi ziren lehen baserritarrak aurtengo sagar-uzta jasotzen, Ibarbi Sagarra taldeko Joxerra Agirrek adierazi duenez. Haren esanetan, zuhaitzetik erortzen den aurreneko sagarra "elbarria" izan ohi da, eta sagarrondoaren lehen fruituak muztioa egiteko erabiltzen dituztela adierazi du: "Zuhaitzetik lurrera erortzen diren lehen sagarrak berdeagoak izan ohi dira, eta horiek jasotzen hasi gara lehenik eta behin; muztioa egingo dugu haiekin". Agirreren esanetan, zenbait baserritar lurrera eroritako sagarrak ez ezik, zuhaitzeko sagarrak jasotzen ere hasi dira dagoeneko.

Aurtengo uztaz galdetuta, Agirrek dio "sagar urte ona" izango dela aurtengoa. Iazkoa urte "txarra" izan zela adierazi du Agirrek, eta aurten, joan den denboraldian baino ale gehiago izango direla. Hain zuzen ere, Agirrek dio "negu guztirako sagarra" izango dutela aurten, eta beharbada udaberrira arte ere gelditu litezkeela sagar ale batzuk; beti ere, haiek ondo mantentzea lortzen badute: "Sagar mota honek badu berezko gaitasuna mantentzeko, eta guk sagarrak kontserbatzeko modua topatzen badugu, baliteke Gabonak ondoren ere oraindik sagarrak izatea, aurten kopuru aldetik urte oparoa izango baita". Ildo horretatik, Agirrek dio sagar asko izatea ekoizleentzat "onuragarria" izango dela, baina litekeena dela alearen prezioa apur bat baxuagoa izatea ale kopuru altua dela eta. Halere, Agirrek dio iazko prezioa "mantentzen" saiatuko direla ekoizleengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan horrek.

2019. urtea sagar kopuru aldetik oparoa izango bada ere, Agirrek dio orain arte bildutako aleen tamaina ez dela espero bezain ona: "Sagar asko egon ohi den garaian, alea gutxiago hazten da", azaldu du. Sagarraren tamaina txikiaren beste eragile nagusia euri gutxi egin izana ere izan daitekeela azaldu du Agirrek, haren esanetan, ur gutxirekin fruitua ez baita behar bezainbeste hazten. Dena den, Errezilgo Ibarbi Sagarra elkarteko kideak dioenez, "denetik" dago aurtengo uztan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide