Sagar bilketaren garaia iritsi dela eta, Urola Gustagarrik, Errezilgo Errezil Sagarren Elkarteak eta Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak Ibarbi sagarraren ibilbidea ezagutzeko bisita gidatu berezia prestatu dute hurrengo larunbaterako, hilaren 12rako. Antolatzaileen arabera, "esperientzia ahaztezina" izango da egitasmoa, han parte hartzen duten herritarrek zelai, sagasti eta baserriez inguratuta dagoen "paisaia paregabea" zeharkatuko dutelako eta herriaren ikur den fruta gertutik ezagutzeko parada izango dutelako. Izan ere, naturaz gozatzen duten bitartean, Ibarbi sagarraren ezaugarriak eta haren ekoizpena ikasteko aukera izango dute.
Hilaren 12an, 11:00etan abiatuko dira Errezilgo plazatik, eta bi ordu inguruko bisita gidatua egingo dute. Bidean zehar, gainera, aintzinean eta egun sagarra biltzeko erabili izan diren tresnen inguruko azalpenak emango dituzte, eta horiek probatzeko aukera ere izango dute. Era berean, Errezil sagarrarekin egindako jakiak dastatuko dituzte.
Antolatzaileen esanetan, familian eta lagun artean egiteko jarduera aproposa izango da hurrengo larunbatekoa, eta Errezil eta inguruetan eguna pasatzeko "aitzakia" ere izango da. Bisita gidatuan parte hartzeko sarrerak salgai jarri dituzte antolatzaileek, eta hiru eurotan eros daitezke Borondegi tabernan eta Errezilgo dendan. Egitasmoaren inguruko informazioa lortu edo harako txartelak erreserbatu nahi dituztenek, berriz, i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzi edo 943-15 18 78 telefonora deitu dezakete.
Ibarbi Sagarra taldeak iaz sortu zuen Errezil sagarraren ibilbidea, herriaren eta sagarraren izena indartzeko asmoz. Hiru kilometro eta erdi ditu ibilbideak, eta herriko sagastietatik igarotzen da.