Sagardo Txapelketa Herrikoia izango da larunbatean Errezilen

Urola Kostako Hitza 2019ko urriaren 3a

Txapelketaren zazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta guztira, hamabost sagardogilek parte hartuko dute. 20:00etan hasiko da ekitaldia.

Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta, Sagardo Txapelketa Herrikoia egingo dute larunbatean, Errezilen. Lehiaketaren zazpigarren edizioa izango da, eta ohi bezala, herrian bertan ekoitzitako sagardoak dastatzeko aukera izango da. Iaz bildutako sagarrarekin egindako edaria izango da etzi dastatu ahalko dena.
 
Aurtengo edizioan, hamabost sagardogilek parte hartuko dute. Iaz hiru egile gehiago aurkeztu ziren lehiara, baina Gaztetandik kultur elkartekoek azaldu dutenez, iaz ez zen izan duela bi urte bezain sagar uzta ona. "Horregatik aurkeztu dira aurten sagardogile gutxiago", azaldu dute.
 
Honako hauek izango dira biharko txapelketa herrikoian parte hartuko duten baserriak: Lasturreta, Buztin Zuri, Irure txiki, Irure (Aiertza), Estrada Zaharra, Umansoro, Aranguren, Ezama Enea, Basabil, Basabe Barrena, Mugarrieta, Aritzeta Goikoa, Ibarguren, Zuazketa eta Agerre Goikoa.
 
20:00etan hasiko da txapelketa, eta edatekoaz gain, ez da jatekorik faltako biharkoan. Tortilla, txorizo nahiz hirugihar pintxoak eskainiko dituzte, eta gainera, gazta menbrilloarekin eta kafea izango dira postrerako. Helduek hamar euro ordaindu beharko dute sarrera, eta 12-16 urte bitarteko gazteek, berriz, bost euro.
 
Ohi bezala, bi sari banatuko dituzte txapelketan: sari ofiziala eta publikoarena. Hiru adituk osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den sagardorik onena, eta era berean, bertaratzen diren herritarrek gustukoen duten sagardoaren aldeko botoa emateko aukera izango dute; horrela ebatziko dute nori banatu publikoaren saria. Txapelak eta oroigarriak banatuko dizkiete irabazleei.
 
Eguraldi ona baldin bada, ekitaldia frontoiaren ondoko dantzalekuan izango da, eta bestela, pilotalekuaren barruan.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide