Eskualdeko kultura ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko dirulaguntza onartu du Foru Aldundiak

Urola Kostako Hitza 2019ko irailaren 17a

93.333 euroko laguntza emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeko kultura ondarea zaharberritu eta sendotzeko. Laguntza Errezilgo Eitzeta eta Argarate baserriak, Azkoitiko alde zaharreko bi eraikin eta Azpeitiko Beristain baserria berritzeko izango da.

Azkotiko Kale Nagusiko 53. zenbakiko eraikina.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak laguntza onartu du lurraldeko kultura ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko, eta onartutako proiektuen artean daude eskualdeko hainbat eraikin. Guztira, 93.333 euro inbertituko dira Urola Erdiko bost eraikinetan.

Errezilen bi baserrik jasoko dute laguntza: batetik, Eitzeta baserriaren teilatua eta egitura zaharberrituko dute, eta 56.095 euroko laguntza bideratuko da proiektu horretara; eta bestetik, Argarate baserriko teilatua zaharberrituko dute, eta 14.772 euroko dirupoltsa izango da horretarako.

Bestalde, Azkoitian, alde zaharreko bi eraikinetako teilatuak konpontzeko laguntza emango dute; hain zuzen ere, Kale Nagusiko 5. eta 53. zenbakiko eraikinetara 11.416 euro eta 11.015 euro bideratuko dituzte, hurrenez hurren. Aldundiko Kultura Departamentuko kideek adierazi dutenez, bi eraikin horiek erdi mailako babesa dute.

Horrez gain, 22.000 euroko laguntza izango da Azpeitiko Beristain baserriko teilatua zaharberritzeko.

Ondarea babestea helburu

Laguntzak onartzeko orduan lehentasunezkotzat hartu dituzte egitura sendotzeko obrak, teilatuen konponketak, eta ikuspuntu historiko eta artistikotik interes berezia duten elementu arkitektonikoen zaharberritzeak, ondorengo belaunaldiek ondare hori ezagutu eta goza ahal izan dezaten: "Garrantzitsua da ondarea mantentzea eta gazteek ezagutu ahal izatea, Gipuzkoaren kultura identitatearen oinarrizko alderdi bat delako. Aldundiari dagokigu ondarea babestuz memoria berreskuratzea eta bizirik eustea", agertu du Denis Itxaso Kultura diputatuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide