Igandean, irailaren 1ean, ospatuko da Gipuzkoako Artzain Eguna Legazpin, eta hainbat ekintza eta lehiaketa izango dira egun osoan zehar. Horiek ez ezik, omenaldiak ere egongo dira, eta aitortza jasoko dutenen artean dira Errezilgo Begoña Galarraga eta Jose Manuek Agirretxe eta Azpeitiko Angel Errasti.
Errezilgo Galarraga baserrikoak dira Agirretxe eta Galarraga, eta haiek egindako lana azpimarratu nahi izan du ELE Gipuzkoak. Elkartearen araberan "bien artean talde bikaina osatuz, artalde kozkorra etengabe hobetzeaz gain, ELE Gipuzkoa zein bestelako egituretan buru belarri parte hartuta, baserri batek bizirauteko behar izan dituen arlo ezberdinak hobetzen saiatu dira beti". Hori dela eta, burututako lan guztia saritzea erabaki du elkarteak, eta horretarako probestuko dute aurtengo Gipuzkoako Artzain Eguna.
Azpeitiko artzain ohiari omenaldia
Azpeitiko Olazabal zahar baserrian hezitakoa da Errasti, eta olrain dela 30 urte inguru hasi zen artalde handiak izaten. Hasieran, 100 buruko artalde batekin ekin zion artzain lanei. Urteak aurrera joan ala, artaldea handitzen joan zen, 300 buruetara iristeraino. Gazta egiten ere hasi zen, baina ez etxean eta ezta txabolan ere. Esnea Azpeitian kokatutako Ardi Gazta Kooperatibara eraman eta beste zortzi bat artzainekin batera egiten zuen gazta bertan. Ondoren, Izarraitz gazta izenarekin saltzen zuten. Legazpiko artzain egunean zein Ordizian ere sari batzuk lortzera iritsi ziren. Gipuzkoako Ardi gazta lehiaketa 1996 eta 2003. urtetan irabazi zuten, Legazpin.
Errastik bazuen esperantza bere semeak artzaintza ofizioari segida ematekoa, Arantzazuko artzain eskolan ikasi baitzuen. Etxetik kanpo aurkitu zuen, ordea, lana, eta ez zuen jarraitu. Ondorioz, jubilatutakoan ardiak eta gaztagintza alde batera utzi zituen Olazabal baserrikoak. Orain, omenaldia jasotzeko txanda iritsi zaio Errastiri.
Aitortza ekitaldia Legazpiko Euskal Herria plazan egingo dute, 13:00etan hasita.