Primerako giroarekin hasi dute erromeria sasoia Zelatunen

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 29a

Zelatunen jai giroan murgildu dira gaur, osteguna, San Juan Txiki egunez. Atarian dituzte irailean Hernioren magalean egiten dituzten erromeriak, eta hara bertaratu direnek gaur ekin diete festei. Eguraldia lagun zutela, ehunka pertsona elkartu dira hango bi borden –Antonioren borda eta Agirretxeren borda– inguruetan, eta jan-edanak zein dantza saioek hartu dute protagonismoa. Primerako giroa nagusitu da eguerdirako, eta Lidia eta Itzeder bikotea zein Albizturko Arandia anaiak aritu dira trikitian borda batean eta bestean.

San Juan Txiki egunean, borda bakoitzak bere erromeria egin ohi du, baina gainontzeko egunetan, biek elkarrekin antolatu ohi dituzte saioak. Aurtengoan, bost igandetan egingo dituzte erromeriak, eta hainbat trikitilari entzuteko aukera izango da: irailaren 1ean, Jone Uria eta Julene Otegi ariko dira; irailaren 8an, Ostolaza eta Lutxurdio; irailaren 15ean, Olarte eta Larrañaga; irailaren 22an, Elizagoien ahizpak; eta irailaren 29an, Kupela taldea.

Hona hemen argazki bilduma: (Ibon Errazu eta Antonioren borda)

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide