Jolasleku berriarekin hasiko dute ikasturtea Errezilgo San Martin herri eskolako ikasleek

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 29a

Errezilgo San Martin herri eskolako jolaslekua berritu dute. Udan zehar egin ditu eraberritze lanak Errezilgo Udalak, eta dagoeneko amaitu dituzte obrak. "Ikasturte berrirako dena prest izateko" egin dituzte jolastokia berritzeko lanak udan, eta jada itxura berria herri eskolako jolastokiak. 

San Martin eskolako irakasleek egin zioten herriko udalari jolastokia berritzeko eskaera, eta erakundeak kontuan hartu zuen haien proposamena. Ion Ziarsolo zinegotziak azaldu duenez, "hezkidetza" kontuan hartuz eraberritu dute patioa, jolastokia "hezitzaileagoa" izatea xede. Horretarako, haurren aisialdiaz eta heziketaz arduratzen diren hainbat talde eta elkarterekin jarri ziren harremanetan, jolastoki berriaren nolakotasuna erabakitzeko. Hori ez ezik, eskolako haurrei ere galdetu zieten zer nolako jolastokia nahi zuten, eta haien eskaerak kontuan hartuta egin dute jolasleku berria. Halaber, parkearen itxura aukeratzean kontuan izan dute ingurunea: "Errezil mendiz inguraturik dago, eta paisaia ederrak ditu inguruan. Eskolako jolaslekua, aldiz, hormigoi hutsa zen, eta inguruarekin lotura izango zuen zerbait egin nahi izan dugu", azaldu du Ziarsolok. Hori horrela, egurra eta lur kolorea da nagusi Errezilgo herri eskolako parkean.

Ziarsoloren hitzetan, orain dela gutxira arte Errezilgo Udalaren diru-kontuek ez zuten ematen herri eskolako jolastokia berritzeko. Orain, egoera ekonomikoa "zertxobait hobea" dela kontuan hartuta erabaki zuten eraberritze lanei ekitea. "Jolastokia berritzea erabaki genuenea, orain arte bultzada handia eman digun Domusa kooperatibara jo genuen, gure asmoak azaltzeko. Laguntzeko izugarrizko prestutasuna agertu zuten enpresako kideek, eta haiek ordaindu dute obra guztia. Emandako bultzada eskertu beharrean gaude", azpimarratu du Ziarsolok. Guztira, 20.000 euroko aurrekontua izan dute San Martin herri eskolako jolastokia berritzeko lanek.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide