Bihar hasiko dira Zelatungo erromeriak

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 28a

San Juan Txiki eguna ospatuko dute bihar, osteguna, Zelatunen; trikitilariak entzuteko aukera izango da egun osoan zehar hango bi bordetan. Iraileko bost igandeetan ere erromeriak izango dira.

Iraila iristean jai giroan murgildu ohi dira Hernio mendiaren magalean, eta aurtengoan ere ez da festarako aitzakiarik faltako inguruetan. Izan ere, Zelatungo bi bordek –Antonioren borda eta Agirretxeren borda– antolatuta, erromeriak izango dira hango zelaietan iraila amaitu bitartean. 

Bihar, abuztuak 29, izango da erromerien lehen saioa. San Juan Txiki eguna da bihar, eta garai batean, egun horretan egiten zuten Zelatunen erromeria. Horren harira, ohitura hori berreskuratu nahi izan zuten Zelatungo bordetako langileek, eta zortzi urte daramatzate egun hori ospatzen. Aurtengoan, Lidia eta Itzeder ariko dira Antonioren bordan, eta Agirretxeko bordan, berriz, Albizturko Arandia anaiak. Egun horretan, iraileko igandeetan ez bezala, autoz igo ahal izango da Zelatunera; hori dela eta, adineko asko bertaratu ohi da ingurura.

San Juan Txiki egunean, borda bakoitzak bere erromeria egin ohi du, baina gainontzeko egunetan, biek elkarrekin antolatu ohi dituzte saioak. Aurtengoan, bost igandetan egingo dituzte erromeriak, eta hainbat trikitilari entzuteko aukera izango da: irailaren 1ean, Jone Uria eta Julene Otegi ariko dira; irailaren 8an, Ostolaza eta Lutxurdio; irailaren 15ean, Olarte eta Larrañaga; irailaren 22an, Elizagoien ahizpak; eta irailaren 29an, Kupela taldea.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide