Errezildar bati zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diote, droga trafikatzea leporatuta

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 18a

Zaragozako Lurralde Auzitegiak, guztira, zortzi urte eta sei hilabeteko zigorra ezarri dio G.A.U. inizialak dituen errezildarrari. Osasun publikoaren aurkako delitua eta "talde kriminal bateko kide" izatea leporatu dizkio auzitegiak hari.

Zaragozako Lurralde Auzitegia.

Zaragozako Lurralde Auzitegiak bederatzi pertsona zigortu ditu droga trafikatzea leporatuta, eta horietako bat errezildarra da. Sententzian jasotzen denez, G.A.U. inizialak ditu zigortutako pertsonak, eta egun, Leitzan (Nafarroa) bizi da. Epaiaren arabera, "talde kriminalean paper garrantzitsua" zuen hark, eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatu diote, droga trafikoagatik. Hori horrela, zazpi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, eta 6 milioi euroko isuna. Gainera, "talde kriminal bateko kide izateagatik", beste urtebeteko zigorra ere ezarri diote.

Zehazki, Aragoin (Espainia) speeda trafikatzea leporatzen diote taldeari. Guztira, 98 kilo metanfetamina atzeman zizkioten bederatzi akusatu horietako biri, eta hain zuzen ere, orduan jarri zuten martxan ikerketa judiziala. Epaiaren arabera, pertsona horiek Herbehereetan jaso zuten droga, ondoren Zaragozan "kantitate handietan" saltzeko. Gainera, atxilotuetako batek Herbehereetako bere etxean droga mozteko eta prestatzeko laborategia zuen egokituta. Auzitegiak ondorioztatu duenez, A.M.P. inizialak dituen pertsona da taldearen burua, eta hari 11 urteko zigorra eta sei milioi euroko isuna ezarri dizkiote. Gainontzeko taldekideek zigor handiagoak ala txikiagoak dituzte, "auzian duten inplikazioaren arabera". Era berean, auzian inplikatuetako bi absolbitu egin dituzte, haiek zigortzeko "nahikoa froga" ez zegoelako.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide