Bihar, San Antonio egunarekin, hasiko dira Errezilgo festak. Lau egunez ospatuko dituzte San Antonio jaiak, eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte.
Bihar, 11:00etan, hasiko dituzte jaiak, euskara ikasten ari diren ikasle batzuek San Antonio baselizaren atarian botako duten txupinazoarekin. Ondoren, meza, hamaiketakoa eta trikitilarien emanaldia izango dira. Arratsaldean, berriz, herriko trikiti ikasleen emanaldia izango da Gaztelekuan, eta pintxo-poteoa egingo dute gero.
Ostiral arratsaldean segituko dute ekintzekin. Besteak beste, haur jolasak, poteoa eta afaria egingo dituzte. Larunbaterako, berriz, judo erakustaldia, puzgarriak, karting-a, sagardo dastaketa eta abar antolatu dituzte. Festak igandean bukatuko dira, baina izango da ekitaldirik egun horretan ere: herri kirol erakustaldia izango da, eta herritarrekin batera, Nerea Sorondo eta Itxaso Onsalo aizkolariek nahiz Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a harri jasotzaileek parte hartuko dute.
Helduen lehen dantza txapelketa
Festetarako prestatu dituzten ekitaldien artean badira bi berrikuntza: dantza suelto xapelketa eta areto dantzen erakustaldia. Gaztetandik kultur elkarteak urteetan antolatu du dantza txapelketa, baina aurten aldaketa bat izan da: helduen lehia antolatu du.
I. Dantza Suelto Txapelketa larunbatean izango da, 17:00etan hasita, Dantzalekuan, eta bederatzi bikotek parte hartuko dute. Honako dantzari hauek ariko dira lehian: Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia); Iker Sarasua eta Enara Arrizabalaga (Azkoitia-Azpeitia); Eneko Sarasua eta June Elorza (Azkoitia-Azpeitia); German Aranburu eta Elaia Elorza (Azpeitia); Gorka Kerejeta eta Leire Eizmendi (Azpeitia-Errezil); Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola (Legazpi); Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara); Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo); eta Irati Lopez eta Gorka Granado (Sopela).
Bikote irabazleak txapela, zapia, garaikurrak eta 160 euro eskuratuko ditu; bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 140 euro eta 120 euro, hurrenez hurren. Horiek garaikurrak ere eskuratuko dituzte. Gainerako parte-hartzaile guztiek ehuna euroko diru saria jasoko dute.
Dantza txapelketa bukatzean, gainera, areto dantzen emanaldia eskainiko du hainbat herritarrek. Horiek ikasturtean zehar ikasitakoa taularatuko dute Dantzalekuan.
San Antonio jaiak
Bihar, osteguna
11:00. Txupinazoa botako dute zenbait euskara ikasleek udaletxeko balkoitik.
11:00. Meza San Antonio ermitan.
Ondoren, hamaiketakoa, Itzeder eta Lidia trikilarien emanaldiak lagunduta.
Segindan. Lopene gandutegiko abereak.
18:00. Herriko trikitilarien jaialdia, Dantzalekuan.
19:00. Pintxo poteoa, Erniope elkartean eta Borondegi tabernan.
Etzi, ostirala
16:00. Haur jolasak.
19:00. Poteoa herriko trikitilariekin.
21:00. Herri afaria frontoian, Guraso Elkarteak antolatuta.
Ekainak 15, larunbata
16:00. Judo ikasleen erakustaldia.
17:00. Puzgarriak eta karting gunea eskolako jolastokian.
17:30. Helduen I. Dantza Suelto Txapelketa Dantzalekuan, Gaztetandik elkarteak antolatuta.
Ondoren. Areto dantzen erakustaldia, Dantzalekuan.
18:30. Triki-bertso poteoa.
20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa, Dantzalekuan.
23:00. Obaneukeren erromeria.
Ekainak 16, igandea
12:00. Herriko gaztetxoen dantza erakustaldia, Dantzalekuan.
18:00. Herri kirol saioa egingo dute punta-puntako harri-jasotzaileek nahiz aizkolariek eta herritarrek.
19:00. Buruhandiekin eta dultzaineroekin kalejira.