Errezilgo Trikitixa Jaialdiko irudia. (Gaizka Peñafiel)
Errezilgo I. Trikitixa Jaialdia egin zuten atzo, ostirala, eta bertaratu zirenen arabera, "benetan polita" izan zen ekitaldia. Parte hartzaileak "oso onak" izan zirela nabarmendu dute, eta "giro ezin hobea" nagusitu zela. "Primeran joan zen ekitaldia. Eguraldiak aguantau egin zuen, eta asko egin zuen horrek. Jaialdia izugarria izan zen, trikitilari bikote bakoitza ezberdina zen, eta emanaldia ikusgarria izan zen", azaldu du Manex Torrealdai Errezilgo trikiti eskolako irakasleak.
Jaialdia bukatu ostean, trikipoteoa izan zen Errezilen, eta ondoren, Erniopen afaria egin zuten hainbat lagunek. Jaialdirako sarrera guztiak amaitu ziren, eta beraz, arrakastatsua izan da jaialdiaren lehen edizioa. Otarrearen zozketa ere egin zuten atzo, eta 0169 izan zen zenbaki saritua; antolatzaileen arabera, unean bertan jaso zuten saria tokatu zitzaienek.
Izer eta Eneko Dorronsoro; Iker Goenaga eta Jon Lasa; Kristina, Maixa, Alaitz eta Amaia; eta Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus aritu ziren atzo trikitia jotzen. Kartela ikusita, atzokoak ohiko jaialdi profesionala dirudi, baina nabarmentzekoa da da ekitaldia Errezilgo trikiti ikasleek antolatu dutela. Torrealdai da gaztetxoen irakaslea, eta haren ideia izan zen ikasleekin elkarlanean jaialdia antolatzea. Lehen edizioa ondo atera dela ikusita, antolatzaileek erabaki beharko dute jaialdiak jarraipenik izango duen edo ez.
Hona hemen atzoko argazkiak:
(Argazkiak: Gaizka Peñafiel)