Errezilgo biztanleko zorra 1.334 eurotik 169 eurora murriztu duela jakinarazi du udalak

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 9a

2011n Gipuzkoako udalerririk zorpetuenetako bat zen Errezil. Agintaldia amaitzerako biztanleko 140 euroko zorra izango duela jakinarazi du udalak.

Errezilgo Udalak prentsa ohar baten bidez azaldu du 2011tik gaur arte udalak izan duen zorrak zer bilakaera izan duen; haren arabera, 2011. urtean, biztanleko 1.334 euroko zorra zuen udalak, eta zortzi urtean biztanleko 169 eurora murriztu du. Udal Gobernuak jakinarazi duenez, bost mailegu zituen udalak 2011. urtean; guztira 850.832 euroko zorra zeukan pilatuta garai hartan. Zortzi urte beranduago, 98.320 eurokoa da udalaren zor osoa.

2012. urtean heldu zen udala zorpetze maila altuenera, eta egoera ikusirik, 2022. urterako Plan Ekonomiko bat sinatu zuen Errezilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Urte berean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Errezilgo Udalaren aurrekontu eta finantza biderragarritasunerako ezohiko neurriak onartu zituen Foru Arauaren bidez. Horrez gain, udalak gogoratu du urte hartan ekonomia krisiak ere eragina izan zuela udalean, eta gaineratu du Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren sarrerak 2005. urteko balioetara jaitsi zirela. Horrez eraginez, Gipuzkoako udalen sarrerak "asko murriztu" zirela esan du udalak, eta horrek Errezilgo Udalaren egoera are gehiago zaildu zuen.

Errezilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bideragarritasun plan bat adostu zuten 2012-2022 epealdirako; udal aurrekontuaren sarrerak handitzeko eta gastuak murrizteko asmoz, udalak etorkizunean hartu beharreko neurriak zehaztu zituzten plan horretan, eta hartutako neurriek udalaren aurrekontuan zer eragin izan zezakeen jaso zuten. Hain zuzen ere, plan horretan erabaki zuten udalak bankuekin zuen zorra berriz finantzatzeko mailegu berri bat formalizatzea, mailegu zaharrak berriekin ordeztu beharrean.

2011n, Errezilen urteko aurrezkiaren eta altxortegiaren soberakina negatiboa zen (-57.800 euro); 2014. urtean, berriz, 18.422 euroko soberakina izan zuen udalak. Horrez gain, udalak gogoratu du urte hartan udalaren zorra 639.887 eurokoa zela, hau da, bideragarritasun planean aurreikusitakoa baino ia %6 gutxiagokoa. Bideragarritasun planean jasota zegoen 2022. urterako Errezilgo Udalaren zor biziak ezingo zuela gainditu sarrera arrunten %60a. 2015ean bideragarritasun planaren helburuak "espero baino hobeto erdiesten" ari zirela azaldu du udalak, eta aurreikusi zuten 2017rako bete egingo zela zor biziaren helburua. 2016an gelditu zen Errezilgo Udala plan ekonomikotik libre, zor biziaren tasa udal aurrekontu osoaren %60aren azpitik gelditu zenean.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide