Lau urte eta gero berriz aurkeztuko da Errezilgintza alderdia udal hauteskundeetara. Zerk bultzatu zaituzte berriz ere aurkeztera?
2015eko udal hauteskundeetara ez ginen aurkeztu ez genuelako zerrenda osatzerik lortu. Oraingoan, berriz, lortu dugu zerrenda osatzea. Gure asmoa hauteskundeetara aurkeztea izan da beti, nahiz eta aurrekoan ez zen posible izan.
Zein dira zuen programako lehentasunak?
Herritik baserrietara arteko norabideak ez daude ondo markatuta, eta horri heldu nahi diogu, horretarako seinale egokiak jarrita. Bestetik, Errezilgo biztanleriak beheraka jarraitzen du, eta 600 biztanleko muga horretatik ez jaistea lortu behar dugu. Horrez gain, herrigunean hainbat etxe huts daude, eta etxe horiek berritzea proposatzen dugu.
Zein dira Errezilek dituen erronka nagusienak?
Industriarekin kezkatuta gaude, bi lantegi daude herrian, eta tailerretarako sarrera ez da batere ona. Herritar asko bertan daude lanean, eta tristea litzateke industriak herritik hanka egitea. Baserriak hustu ez daitezen ere lan egin behar dugu. Eskolako sarrerako irisgarritasunari dagokionez ere, ikusi egin behar dugu ea gunea hobetu daitekeen.
Nola osatu duzue hautes zerrenda, eta zein ezaugarri azpimarratuko zenituzke?
Nik ez dut udalaren kudeaketan esperientziarik, baina lantaldean esperientziadun jendea bildu dugu; nire anaia, adibidez, alkate izan zen zortzi urtez, eta ezagutzen du kudeaketaren funtzionamendua. Gainontzean, indar handiko ikasketadun bi emakume ditugu, baita lehenagoko agintaldietan egondako beste pare bat pertsona ere.
Zein emaitza espero dituzue maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan?
Hauteskundeak irabaztea ez da erraza izango, baina saiatu egin behar dugu, eta udalera sartu behar dugu. Oposizioan egongo bagina ere, hurrengo agintaldirako prestatuko ginateke, gazteen artean gogoa eta ilusioa sumatzen dugu eta.
Zergatik eman behar zaio botoa Errezilgintzari?
Lehen, udalean egon ginenean, lan txukuna egin genuen, eta halaxe jarraituko dugu egiten herritarrek horretarako aukera ematen badigute.