Lau urtez izan zara Errezilgo alkate. Nolakoak izan dira lau urte hauek?
Lan asko egin dugu azken lau urteetan. Agintea hartu genuenean, Errezilgo Udaleko egoera ekonomikoa oso ahula zen, eta zailtasunak izan ditugu esku artean genituen proiektuak aurrera ateratzeko. Zorraren menpe egonagatik, dirulaguntzak lortuta eta zuhurtziaz jokatuta, gauza politak egin ahal izan ditugu.
2011n EH Bildu agintera iristean, Errezilgo Udaleko egoera ekonomikoa ez zen ona, baina buelta eman diozue egoerari.
Oso prozesu gogorra izan da. Herritarrek zorrari buelta emateko orduan asko lagundu dute. Murrizketak egin behar izan genituen hainbat zerbitzutan, baina herritarren babesa genuen. Herritarrek lan asko egin dute auzolanean eta musu truk.
Agintaldi honetan hartutako erabakietatik, zein azpimarratuko zenituzke?
Bizpahiru proiektu izan ditugu begiz jota, baina ezin izan ditugu aurrera atera egoera ekonomikoa ez zelako ona. Eskolaren irisgarritasuna bermatzeko eta hobetzeko egin dugun ekarpena azpimarratuko nuke. Horrez gain, gimnasioa egokitu dugu, ludoteka handitu dugu, eta Borondegin beste terraza bat jarri dugu, besteak beste.
Datozen udal hauteskundeetara bi alderdi aurkeztu zarete Errezilen. Zein emaitza espero dituzue?
Pentsatu nahi nuke, orain arte egin dugun lana ikusita, herritarrek ez dutela zalantzan jarriko gure konpromisoa eta gaitasuna, eta Udal Gobernuan jarraitzea gustatuko litzaiguke. Herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet azken zortzi urte hauetan gugan jarritako konfiantzagatik, eta berriz ere aukera eman diezaguten eskatzen diet.
Zeintzuk dira Errezilek etorkizunerako dituen erronka nagusiak?
Errezil herri bizia izan dadin lanean segituko dugu. Erronka nagusienetako bat baserri bideak konpontzea litzateke, eta hor inbertitzen jarraituko dugu. Bestetik, esku artean dugu herriko argiztapen sistema berriztatzeko proiektua ere. Horrez gain, eskolako jolastokiak berrantolaketa bat behar du, eta herriko etxebizitzaren inguruan ikerketa bat ere egingo dugu, dagoen eskaria zein den ikusteko; herritarrei Errezilen bizitzeko aukera eman nahi diegu, gazteei batez ere, biztanleria jaisten ari baita.
Nolako hautes zerrenda osatu duzue?
Herrigintzan eta udalgintzan dugun esperientzia azpimarratuko nituzke, eta zerrendakideen gaztetasuna eta freskotasuna.
Zergatik eman behar diote botoa errezildarrek EH Bilduri?
Ez diegulako hutsik egingo. Agintean nahiz oposizioan egon, herritarren bizi kalitatearen alde lan egiten duen taldea da EH Bildu, eta hala jarraituko du izaten.