Herri txikia, trikiti jaialdi handia

Ihintza Elustondo 2019ko maiatzaren 9a

Errezilgo I. Trikitixa Jaialdia egingo dute maiatzaren 24an, 19:30ean. Errezilgo trikiti eskolako ikasleek antolatu dute ekitaldia, Manex Torrealdai irakasleak lagunduta. Sarrerak salgai daude.

Errezilgo trikiti eskolako kideak, Trikitixa Jaialdia antolatzeko bilera batean. (Manex Torrealdai)

Herri txikia izanagatik, proiektu handia dute esku artean Errezilen: hain zuzen ere, aurreneko Errezilgo Trikitixa Jaialdia antolatzen ari dira hainbat herritar buru-belarri. Trikitiak badu bailaran indarra, eta horren erakusle da Errezilgo trikiti eskolan 28 ikasle daudela; "herri erdia" gutxi gorabehera, Manex Torrealdai (Usurbil, Gipuzkoa, 1992) irakaslearen arabera. Hark animatuta, trikiti ikasleak izan dira jaialdia antolatu dutenak.

Torrealdaik hiru ikasturte daramatza Errezilen trikitia eta panderoa irakasten, baina ohiko saioez aparte, zerbait berezia lantzea ere gustazten zaio ikasleekin. Lehen ikasturtean, Getxora (Bizkaia) ibilaldia egin zuten, trikiti jaialdi bat ikustera; bigarrenean, disko bat grabatu zuten; eta hirugarren ikasturtea da aurtengoa: trikiti jaialdia antolatzea; horixe irakasleak proposatu zien erronka.

Irakasleak afizioa tarteko izan zuen ideia. "Ni oso trikiti jaialdi zalea naiz, eta Errezil bezalako herri batentzat oso aberasgarria iruditzen zitzaidan halako jaialdi bat izatea". Hori horrela, ikasleei proposatu zien, eskolaz kanpoko orduak baliatuta, jaialdia antolatzea. 28 ikasleetatik hamasei animatu ziren, eta urtarrilaz geroztik, antolaketa lanean ari dira boluntarioak; astean behin biltzen dira.

Torrealdairen arabera, "lan handia" eskatzen du horrelako jaialdi bat antolatzeak. Izan ere, hainbat gauza izan behar da kontuan: "Aurkezlearekin harremanetan jarri dira ikasleak, trikitilariak aukeratu dituzte, beraiek deitu eta azaldu diete zertan datzan jaialdia, errifa batzuk saldu dituzte dirua biltzeko...". Zozketarako otarrea osatzeko, gainera, Errezilgo produktuak bildu dituzte ikasleek: bakoitzak bere etxetik ekarri ditu elikagaiak, edo herritarrei eskatu dizkiete; baina mugitu beharra izan dute.

Antolatzaile taldean, nabarmena da adin arteko diferentzia: 9-10 urte ditu taldeko gazteenak, eta 20 bat urte helduenak. Dena den, oso ondo moldatu direla nabarmendu du Torrealdaik: "Denek ezagutzen dute elkar, eta giro oso ona dago taldean. Anai-arrebak ere badira antolatzaileetako asko".

Boluntario lana ardatz
Ikasleak ez ezik, irakaslea ere boluntario lanetan aritu da jaialdia antolatzeko. "Niri ere tokatu zait orduz kanpo ibiltzea, baina gustura aritu naiz. Atsegin dut gauzak antolatzea, aspalditik nabil boluntariotzan, eta ez dit beldurrik ematen gauza berriak probatzeak. Ikasleek lanerako zer gogo duten ikusita, neu ere motibatu egin naiz; oso aberasgarria izaten ari da niretzat ere prozesua".

Jaialdia maiatzaren 24an izango da, Errezilgo elizan, 19:30ean hasita, eta honako musikari hauek ariko dira zuzenean: Izer eta Alabier; Iker Goenaga eta Jon Lasa; Kristina, Maixa, Alaitz eta Amaia; eta Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus. Irakasleak nabarmendu du trikiti munduan "bide ezberdinak" hartu dituzten trikitilariak gonbidatu dituztela.

Torrealdairen arabera, kartela ikusita ohiko jaialdi profesionala dirudi Errezilgoak, baina haren iritziz, "oso garrantzitsua" da ekitaldia ikasleek antolatu dutela esatea.

Jaialdira joan nahi dutenek maiatzaren 17ra arte izango dute sarrerak erosteko aukera: tapatapatpe@gmail.com helbidera mezua idatzi beharko dute horretarako, edo Errezilgo Borondegi edo Azpeitiko Berdie tabernetara bertaratu. Jaialdirako sarrera zortzi euro ordaindu beharko da aurrez erosiz gero; egunean bertan, berriz, hamar euro. Jaialdiaren ostean kalejira egingo dute, eta segidan, afaria izango da. Afarirako txartelak ere salgai daude: helduek hemezortzi euro ordaindu beharko dute, eta haurrek hamabi euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide