Salgai daude Errezilgo I. Trikitixa Jaialdirako sarrerak

Julene Frantzesena 2019ko mai. 1a, 11:37

Jaialdia maiatzaren 24an izango da, Errezilgo elizan, 19:30ean hasita, eta honako musikari hauek parte hartuko dute: Izer eta Alabier; Iker Goenaga eta Jon Lasa; Kristina, Maixa, Alaitz eta Amaia; eta Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus. Gaurtik maiatzaren 17ra izango dira sarrerak salgai, eta eskuratu nahi dituztenek 'tapatapatpe@gmail.com' helbidera mezua idatzi edo Errezilgo Borondegi eta Azpeitiko Berdie tabernetara bertaratu beharko dute.

Errezilgo trikiti ikasleek aurreneko Trikitixa Jaialdia antolatu dute maiatzaren 24rako, ostirala. Trikitilari eta musikari profesionalekin osatu dute kartela; izan ere, horixe zen aurtengorako beren irakasle Manex Torrealdaik ezarritako erronka: "Arau bakarra zen trikitilari profesionalek jo behar zutela. 16 ikasleko taldetxo bat sortu zen horretarako, eta 10 eta 16 urte bitarteko ikasle horiek antolatu dute jaialdia".

Jaialdia Errezilgo elizan izango da 19:30ean hasita, eta honako musikari hauek parte hartuko dute: Izer eta Alabier; Iker Goenaga eta Jon Lasa; Kristina, Maixa, Alaitz eta Amaia; eta Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus. Gaurtik maiatzaren 17ra izango dira sarrerak salgai, eta eskuratu nahi dituztenek tapatapatpe@gmail.com helbidera mezua idatzi edo Errezilgo Borondegi eta Azpeitiko Berdie tabernetara bertaratu beharko dute. Jaialdirako sarrera zortzi euro ordaindu beharko da aurrez erosiz gero; egunean bertan, berriz, hamar eurotan izango dira salgai. Jaialdiaren ostean kalejira egingo dute, eta segidan, afaria. Afaritarako txartelak ere jarri dituzte salgai: helduek 18 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 12 euro.

Errezilgo trikiti ikasleak urtarrilean hasi ziren jaialdia antolatzen, eta Torrealdai irakasleak azaldu duenez, ikasleek hartu dituzte jaialdiaren gaineko erabaki guztiak: "Non egin, zer egunetan, zein partaide aukeratu, zenbat ordaindu, sarreren zenbatekoa, afaria non eta nola egin... Dena ikasleek erabaki dute". Torrealdairen aburuz, jaialdi "oso interesgarria" prestatu dute, lau trikitilari talde "oso on" ariko direlako. Gainera, hark aipatu du Gaizka PeƱafiel argazkilaria ariko dela jaialdian irudiak hartzen.

Hainbat proiektu garatzen ari dira Errezilgo trikiti ikasleek azken urteetan. Iaz, adibidez, Aramaioko ikasleekin batera disko bat kaleratu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide