"Herri bizia" sustatzen jarraitzeko asmoz aurkeztu du EH Bilduk udal bozetarako zerrenda

Julene Frantzesena 2019ko apirilaren 10a

Xebero Agirretxe egungo alkatearekin eta datozen udal bozetarako EH Bilduren alkategaiarekin batera zerrenda osatuko duten lagunen izen-abizenak jakinarazi ditu. EH Bilduk adierazi duenez, udalaren egoera ekonomikoak "baldintzatu" du udalgintza herrian, baina koalizioko kideek gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako plan ekonomikotik atera izanak "arnasa" eman diela, eta oinarrizko zerbitzuak mantentzeaz gain, "inbertsio esanguratsuak" egiteko aukera izan dutela.

(Errezilgo EH Bildu)

Errezilgo EH Bilduk ohar bidez jakinarazi du gaur, asteazkena, datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautes-zerrenda. Xebero Agirretxe egungo alkatearekin eta datozen udal bozetarako EH Bilduren alkategaiarekin batera zerrenda osatuko duten lagunen izen-abizenak jakinarazi ditu. Zerrendan bigarrena Ane Uzkudun izango da, hirugarrena Jon Ziarsolo eta laugarrena Bittori Otaegi –hirurak zinegotzi dira gaur egun–. Horien atzetik izango dira zerrendan Luis Arakistain, Eneritz Eizmendi, Koldo Arzallus, Nekane Zinkunegi, Ibai Otaegi eta Maria Jesus Salsamendi.

Koalizioak azaldu duenez, elkarlanean "herri bizia" sustatzen segitu nahi du. EH Bilduk adierazi duenez, udalaren egoera ekonomikoak "baldintzatu" du udalgintza herrian, baina koalizioko kideek gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako plan ekonomikotik atera izanak "arnasa" eman diela, eta oinarrizko zerbitzuak mantentzeaz gain, "inbertsio esanguratsuak" egiteko aukera izan dutela.

EH Bilduk 2011-2015 agintaldian Errezilen egindako lanak ekarri ditu gogora, hala nola San Martin herri eskolako irisgarritasuna bermatzeko igogailua egin, Akertxoko ludoteka handitu eta Borondegiko terrazaren proiektua guzatu dutela aipatuta. Koalizioak adierazi duenez, baina, udalak egindako inbertsioez gain, "ezinbestekoa" izan da herritarrek lanerako eta herri bizitzan eragiteko erakutsi duten borondatea: "Horren adibide dira, esaterako, udal jabetzako eraikin batean kokatuta dagoen kiroldegiaren prozesua edota hainbat kultura ekintza".

Kiroldegia egiteko lanak herritarrek erantzundako inkesta batean adierazi zuten eskaera bati erantzunez egin zituztela adierazi du EH Bilduk: "Errezildarren %10etik gora egin dira bertako bazkide. Eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko konpromisoari eutsi nahi genioke, beraz, aurrerantzean ere". Kulturari dagokionez, berriz, herriko elkarteek eta norbanakoek antolatzen dituzten ekintzak "sustatzeko eta areagotzeko" konpromisoa erakutsi du koalizioak, Errezil "bizia eta bizigarria" egin nahi duelako "herritarrekin elkarlanean".

Honako hau da Errezilgo EH Bilduren hautes-zerrenda:

1.- Xebero Agirretxe: garraiolari ohia eta Errezilgo alkatea gaur egun.

2.- Ane Uzkudun: administraria eta zinegotzia gaur egun.

3.- Ion Ziarsolo: hezitzailea eta zinegotzia gaur egun.

4.- Bittori Otaegi: zerbitzaria eta zinegotzia gaur egun.

5.- Luis Arakistain: galdarategiko langilea.

6.- Eneritz Eizmendi: administraria.

7.- Koldo Arzallus: garraiolaria eta zinegotzia gaur egun.

8.- Nekane Zinkunegi: kazetaria eta zinegotzia gaur egun.

9.- Ibai Otaegi: ikaslea.

10.- Maria Jesus Salsamendi: baserritarra, Errezilgo alkatea 2011-2015 agintaldian eta gaur egun zinegotzia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide