Artaldea biluzi da udaberrirako

Berria 2019ko mar. 20a, 12:49

Udaberriaren bueltan mozten dituzte artzain askok euren ardiak. Moztaileak arduratzen dira abereei ilea mozteaz, eta etxekoek auzolanean egiten dituzte gainerako lanak. Ukuiluan horitutako ileak erantzi, eta larre berdeei begira jartzen da artaldea, baita artzainak ere. 'Berria' egunkariak Errezilgo Aitzarte baserriko artzainekin hitz eginda osatutako erreportajea da honakoa.

Bete-betea dago Errezilgo (Gipuzkoa) Aitzarte baserriko arditegia. Artalde osoa ukuilu barruan ez dagoen arren, ardiek ederki hartu dituzte hango bazterrak; ilaje luzea dute, bizkarretik hasi eta lurrerainokoa ia-ia. Hankak nekez ikusten zaizkie, azpietako lastoa ukitzen baitute ileek. Baina, San Josef ingurua izaki, iritsi da berokia eranzteko eta ileberritzeko garaia: negua atzean utzi dute aziendek.

Iritsi da primadera atariko eginkizuna Miren Barandiaran eta Juan Mari Zinkunegi artzainentzat: ardi-mozte eguna. Ohi baino lehentxoago jetzi dituzte ardiak, lehenengo eguzki printzak ateratzerako. "Ez da berdin lo egiten; kezka izaten dugu", esan du Barandiaranek. Artzainek ez ezik, zakurrek ere sumatu dute zerbait: zaunkaka hasi dira, arrotzak ailegatu diren seinale. Lauzpabost auto heldu dira ukuiluko sarrerara; artzainen familiakoak eta moztaileak dira.

Diosalekin askorik luzatu gabe, erremintak prestatzen hasi dira hiru moztaileak. Askaren ondoan hartu du tokia Mikel Etxebarriak. Egurrezko oholak jarri ditu lurrean. "Zer moduz moztutako ardiak, Aitor?", galdetu dio Aitor Iztueta artzainari. Aitzartekoen iloba da Iztueta, eta ardiak jartzen laguntzen die mozketa egunean. "Ederki, giro ederrak egin ditu", erantzun dio, aziendentzako itxitura prestatu bitartean.

Oholetatik ateratzen den burdinazko ardatzean jarri du motorra Ipar Arrindak; handik ateratzen den kablearen muturrean dago ilea mozteko makina. Hari hortzak ipini, olioa bota eta martxa eman dio, berotzeko. Oinetakoak aldatu ditu bitartean. "Artilezkoak dira, oholean ez irristatzeko", azaldu du. Gauza bera egin du Etxebarriak ere. Luzaketak egiteko tartea ere hartu du, egun osoa makurtuta aritu beharko baitute.

Moztaileak prest dira, baita ardiak ere; jeztekoak moztuko dituzte lehenengo. Moztaileen ondoan jarri dituzte 20-30 ardi Zinkunegik eta ardi jartzaileek. Atzeko hankatik heldu dio Unai Iztuetak ardietako bati, eta Joseba Ugalde moztaileari eman dio; gauza bera egin dute beste bi ardi jartzaileek ere.

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Berria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide