Xabier Orbegozo 'Arria V'.a, aizkolaria

"Kaskatuta nagoela diote, baina erronkek bizia ematen didate niri"

Ihintza Elustondo 2019ko martxoaren 14a

40 kanaerdiko ebaki eta 26 kilometro korrika, bost ordu eta hamar minutuan. Herri kirolen historiako inoizko probarik "handiena" egiten saiatuko da Arria V.a igandean.

Xabier Orbegozo 'Arria V'. (Joseba Urretabizkaia)

Azpeitiko zezen plazan hogei kanaerdiko ebaki, Hernio igo eta jaitsi, eta Tolosako zezen plazan beste hogei kanaerdiko ebaki. Lan horiek bost ordu eta hamar minutuko denboraren azpitik egiten saiatuko da Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil, 1977), igandean. Helburua lortuz gero, Peru Eraikuntzak enpresak 6.000 euroko saria emango dio; bestela, berriz, 3.000 eurokoa.

Zer moduz zaude?

Hasi naiz pixka bat urduritzen, baina ondo sentitzen naiz. Entrenamenduak ondo joan dira, eta uste dut dena martxan dagoela: egur politak aurkitu ditut, eguraldia ere ez du ematen kriminal horietakoa egingo duenik... Uste dut dena ondo doala.

Lesiorik ez al duzu izan?

Ez, hiru hilabete eman ditut entrenatzen, eta ez dut arazorik izan. Uste dut lan oso on bat egiteko bidean noala, baina bost orduko erronka da, eta halakoetan gauza txiki bat handi bihurtzen da, eta adi ibili beharko dut. Zorte pixka bat ere beharko dut, baina printzipioz, fisikoki eta buruz prestatuta nago erronka handi honetarako.

Entrenamenduren batean egin al duzu proba osorik?

Ez, probaren %80-edo egingo nuen, hiru ordu pasako lana, baina bost orduko lanik ez dut egin. Esaten dute entrenamenduetan %80 egiten baduzu, egunean bertan falta den ehuneko %20 hori egiten dela.

Nola prestatu zara?

Aizkolaria izanik, mendian dezente ibili naiz, baina ezin da aizkora aparte utzi, eta biak uztartu ditut. Hilabetean bizpahiru atseden egun hartu ditut, eta gainontzean, egunero hiru bat orduko saioak egin ditut.

Laguntzailerik izan al duzu?

Bai, betiko kuadrilla hor izan dut. Egunean bertan, berriz, lau laguntzaile izango ditut: aizkoran, aita eta Luis Txapartegi; eta mendian, Andoni Ibarmia eta Joxe Apalantza.

Lanak nola banatu dituzu?

Aurreneko hogei kanaerdikoak 50 bat minutuan ebaki nahi nituzke, mendiko lanak hiru orduan egin, eta azken hogei kanaerdikoak ordubetean ebaki. Inkognitarik handiena azkeneko lan horretan dago, oso hustuta iristen banaiz, kalbario bat izan daitekeelako.

Bukaerako proba horrek beldurtzen al zaitu?

Bai. Hogei kanaerdiko ebaki eta hogei kilometro egin nituen duela bi urte, bi ordu eta bederatzi minutuan. Baina horrelako pasada hartzea eta berriz aizkoran hastea inoiz ez da egin.

Inoiz egin duzun probarik gogorrena al da?

Nik egin dudan handiena, eta uste dut herri kiroletan egin den handiena ere badela. Horrelako lan luzea bakarra dago egina lehen, 1983an edo; aizkora hutsean izan zen hura, eta lau ordu eta bederatzi minutu-edo pasatu zituen irabazi zuenak, eta bederatzi ordu eta hamabost minutu galtzaileak.

Errezildarra izanda, Hernio ederki ezagutuko duzu...

Bai, Azpeiti aldetik ondo ezagutzen dut, baina ezagutzen ez nuena zen Herniotik Tolosa alderako bidea. Eta ezagutu beharra izan dut hori ere.

Azpeitiko lanak amaitzean, zer bide jarraituko duzu Herniora iritsi arte?

Damaso aldera joango naiz, handik gora Odria baserrira igoko naiz, handik Etumetara, gero Zelatunera eta handik Herniora. Gurutzea ukitu eta behera abiatuko naiz, Tolosara.

Larraul-Hernio-Larraul proba ere egun berean egingo dute. Oztopatuko al du zure erronka lasterketa horrek?

Asko ez dit lagunduko, nire aurretik pasatzen badira, lokatza egingo delako bidean. Baina ni ez naiz inor lasterketa bat aurreratzeko edo atzeratzeko, eta kabituko gara denok nola edo hala.

Jendeak zer esaten dizu?

Erronka hori egiteko, buru aldea pixka bat kaskatuta izan behar dela eta horrelako gauzak.

Zer erantzuten diezu halakoei?

Bueno, egon ere bai pixka bat... [barreak]. Baina niri beti gustatu zaizkit erronkak, bestela ez nintzatekeen horrela ibiliko. Txapelketetan bakarrik ibilita, ez dut motibaziorik sentitzen. Erronka eta apustu zalea naiz ni; uste dut euskaldunak horrek bereizten gaituela, eta nik horrela ulertzen dut kirola. Bakoitzak ikusten du ikusten duen bezala; kaskatuta nagoela diote, baina horrelako erronkek bizia eta ilusioa ematen didate niri.

Zure azken erronka izango al da?

Dimentsio honetakoa, bai. Hau ez dago berriz errepikatzerik. Udan erakustaldi batzuk egingo ditut, eta pentatloi txapelketan irteteko asmoa ere badut. Baina apustuen kontuan, agian, bukaerara iristen ariko naiz.

Irabaziz gero, bazkari eder bat?

Bai, galduta ere hala egiten dugu, eta irabaziz gero, handiagoa. 40-50 bat lagun elkartuko gara ospatzeko.

Zer gosalduko duzu igandean?

Goizetan ez naiz oso jatuna, eta pixkanaka joaten naiz. Egun horretan, goiz jaiki eta batidoekin-eta hidratoak eta proteinak sartzen saiatuko naiz; eta gero, barritak-eta karroka bat. 10.000 bat kaloria erreko ditudala eta sei bat kilo galduko ditudala dago kalkulatuta; beraz, elikagai asko sartu beharra dago.

Sarreren kontua nola izango da?

Sarrerak egunean bertan salduko dituzte. Azpeitiko zein Tolosako sarrerak 20 euro balioko du; Azpeitian erositakoak Tolosarako ere balioko du. Tolosan jaialdi bat izango da ni iritsi aurretik: Iker Vicente eta Aritz Azpiazu Arria VI.a Mikel Larrañagaren eta Julen Larrearen aurka ariko dira, 12:00etan hasita. Gero, Iban Ugartemendia harri-jasotzaileak marka saiakera egingo du, 190 kiloko kubikoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide