Binakako Urrezko Aizkolarien txapelketako finalerdia jokatu dute gaur Oñatin (Gipuzkoa), 12:00etan hasita. Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra eta Jon Rekondo aritu dira Iker Vicenteren eta Ruben Saralegiren aurka, eta aizkolari errezildarra ez da sailkatu finalerako; izan ere, hark eta Rekondok 26' 52'' denbora behar izan dute lanak amaitzeko, eta haien aurkariek, 25' 22''.
Harri jasotzaileen artean, berriz, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna lehiatu da. Guztira, 2.625 kilo jaso ditu Oñatiko erakustaldian, eta beraz, Urrezko Harrijasotze txapelketaren finalera sailkatu da.
Finalistak, erabakita
Gaurkoa izan da azken finalerdia, eta beraz, erabakita gelditu da zein izango diren martxoaren 2an Azpeitian jokatuko den finalean arituko diren kirolariak. Harrijasotzaileen artean izango dira Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra, Guzta eta Aimar Galarraga oriotarra.
Bestalde, aizkolarien artean, honako bikote hauek lehiatuko dira: Aitzol Atutxa eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Eneko Otaño beizamarra, eta Iker Vicente eta Ruben Saralegi.
Emakumeetan, berriz, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa ariko dira aizkoran. 23 urtez azpikoen aizkorako finala ere jokatuko dute Azpeitian, eta honako kirolari hauek ariko dira nor baino nor: Julen Larrea III eta Hodei Ezpeleta, Oier Cañamares IV eta Xuban Kañamares V, Joxean Etxeberria eta Aritz Azpiazu Arria VI.a, eta Ioritz Gisasola Zelai III eta Unai Zabala.