Gipuzkoako landa garapenerako elkarteen federazioak, Landaolak, II. Landaola Sariak banatuko ditu hilaren 31n, ostegunean, Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei aitortza egiteko asmoz. Iaz abiatu zituzten hiru proiekturi emango dizkiote saria, honako atal hauetan banatuta: erakunde publiko baten proiekturik onena, erakunde pribatu baten proiektu onena eta Landa Eremuko Emakumeen saria. Landaola federazioak dagoeneko jakinarazi ditu sariak eskuratzeko nortzuk diren hautagaiak, eta horietatik hiruk Urola Kosta eskualdean dute jatorria. Hain zuzen ere, esku pribatuetan sustatutako proiektuen artean daude Errezilgo Ibarbi elkartea eta Itziargo Burugorri kooperatiba — negozioaren arduradunak azkoitiarrak dira–; horrez gain, Aiako Udalak saria irabaz dezake erakunde publikoen arloan.
Burugorriko ostatua martxan jarri dute bi azkoitiarrek. (Landaola)Bi azkoitiarrek jarri zuten martxan iaz Burugorri jatetxea, eta ostatuan daramaten kudeaketarengatik hautatu dute Burugorri kooperatiba Landaola sarietara. Besteak beste, honako hau azpimarratu dute: "Itziartarren bizi kalitatea hobetzen duten oinarrizko zerbitzuak, azpiegiturak eta ekipamenduak garatzen dira bertan. Bertso eskola, euskal dantza, soinketa, ingeleseko klaseak, podologia zerbitzua... Haurrentzako txokoa ere bertan egoteaz gain, herriko eragile ezberdinek batzarretarako erabiltzen dituzten hainbat gune ditu. Gainera, Itziarko poligono industrialetako eta hainbat nekazari elkarteek erabili izan dute. Erabilera anitzeko espazioak daudenez, herritar orok erabil dezakeen gunea da. Taberna martxan jartzeaz gain, eraikinean dauden zerbitzuen kudeaketa aurrera eramatea da proiektu honen arrazoi eta helburu nagusia".
Errezilgo Ibarbi elkarteak, berriz, Errezil sagarraren ibilbidea sortu zuen duela hilabete batzuk, eta Landaolaren arabera, elkartearen asmoa da Errezil fruitu horren kabitzat jotzea eta herriko baserritarrek fruituaren ekoizlenean jarraitzeko "gogoa eta laguntza" izan dezaten bermatzea. Errezil sagarraren ibibideari dagokionez, berriz, haren ezaugarriak goraipatu ditu: "Ingurumen aldetik erabat jasangarria dela esan daiteke eta, herritarren onespena du, beraiengandik sortua delako. Gainera, landa eremuko jarduera ekonomikoak sustatzeko lan ildo garrantzitsu bat da bat, eta turismo berdea bultzatzen du, jarduera ekonomiko berriak sortuz".
Errezil sagarraren ibilbidea. (Landaola)Herriaren historia eta kultura ezagutzeko asmoarekin, berriz, Ardi jokoa jolasa jarri du martxan Aiako Udalak, eta egitasmo horri esker jaso dezake erakundeak Landaola saria. "Funtsean, ezaguna den antzarraren jolasaren arau berdinak ditu, berezitasun batzuekin: antzarraren ordez, ardiak dira jolasaren protagonistak, eta zubien ordez, errotak. Kasu honetan, ardi batetik bestera salto egiteko, 'arditik ardira emaiozu bira!' esaten da, eta helmugara lehen iristen denak irabazten du partida".
Hilaren 31n, Itziargo Burugorri ostatuan egingo dute sari banaketa ekitaldia, 12:00etan, eta han jakinaraziko dute saridunak zeintzuk diren.
Iaz, Azkoitiko Hazitik kooperatiba elkarteak jaso zuen Landaola saria, Bizilore eskolaren eta Abaraxka aterpetxearen proiektuarengatik.