Xabier Orbegozo Arria V.ak marka saiakera iragarri du datorren martxoaren 17rako. Egun horretan, Azpeitia, Hernio eta Tolosa lotuko ditu kirolari errezildarrak, ez ohiko erronka pertsonalean.
09:00etan hasiko ditu lanak Arria V.ak, Azpeitiko zezen-plazan. Han hogei kana-erdiko moztu, eta Errezilgo bidea hartuko du, Hernioko gurutzeraino igotzeko. Herniotik behera, berriz, Tolosarako bidea hartuko du; hango zezen plazan beste hogei kana-erdiko izango ditu zain aizkolariak, lanak bukatzeko. 5 ordu eta 10 minutu azpitik amaitzen baldin baditu, Peru Eraikuntzak enpresak 6.000 euroko saria emango dio; denbora horretatik gora joaten baldin bada, berriz, saria 3.000 eurokoa izango da.
Atzo aurkeztu zituen Arria V.ak erronkaren xehetasunak, Tolosako Kantabrikon. Guztira, 26 bat kilometroko ibilbidea osatuko du errezildarrak marka saiakeran. Bere kirol ibilbidea bukatu aurretik martxoaren 17an egingo duen proba osatzeko "kapritxoa" zuela adierazi zuen Arriak aurkezpenean. Tolosaldeko Atariaren bideo honetan entzun daitezke bere hitzak:
https://youtu.be/TMaeCFJhgG0