Joxe Apalantza errezildarrak ireki du txotx denboraldia Añota sagardotegian

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 12a

https://www.youtube.com/watch?v=Lumq-qpTzh0 Urtarrilarekin batera iritsi da beste urte batez sagardo denboraldia, eta aurtengoa dagoeneko zabalik da. Atzo, ostirala, inauguratu zuten sagardo denboraldi berria Azpeitiko Añota sagardotegian, eta jendetza bertaratu zen irekiera ekitaldira. Jai giroan ekin zioten sagardo denboraldiari, eta Joxe Apalantza kirolari errezildarrak izan zuen Añotako lehen upela zabaltzeko eta sagardo berriari lehen tragoa emateko aukera. Izan ere, errezildar kirolariak ETB1eko Gailurra XTreme 3EM saioa irabazi du, eta aitortza gisa eskaini zioten Añotako sagardo denboraldia irekitzea. Honako lotura honetan irakur daiteke duela aste batzuk Urola Kostako Hitzak Apalantzari egindako elkarrizketa. 20:00ak pasatxo hasi zen atzoko festa, eta Apalantzaz gain, bertan izan ziren Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua bertsolariak. Orotara 220 lagun inguru bertaratu zen Añotara atzo, gazte zein heldu, eta denek sagardotegi menuaz gozatu zuten giro ederraz lagunduta. Kupela taldearen erromeriak borobildu zuen gaua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide