Erreskate taldeek gaur goizean ekin diete atzo Hernion eroritako hegazkinean zihoan bigarren bidaiaria aurkitzeko lanei, eta 10:30 inguruan aurkitu dute bigarren bidaiariaren gorpua. Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri baieztatu dionez, bi lagun zihoazen hegazkin arinean, eta haietako baten
gorpuzkiak zein hegazkinaren zatiak atzo arratsaldean topatu zituzten Hernio mendiaren magalean. Gaur 08:30 inguruan hasi dituzte bigarren bidaiaria aurkitzeko lanak, eta dagoeneko bilatu dute hilotza, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Departamentuak adierazi duenez. Inpaktuaren gunean aurkitu dute bigarren gorpua, eta Segurtasun Sailak adierazi duenez, "ikusgarritasun arazoengatik" ezin izan zuten atzo aurkitu.
Iñaki Lopez. (Ane Olaizola)
Iñaki Lopez Eusko Jaurlaritzaren larrialdietarako teknikariak azalpenak eman ditu Errezilen bertan 11:30ean. Hegazkina Britainia Handikoa dela baieztatu dute, baina hildakoen jatorria oraindik ez dutela guztiz zehaztu esan du Lopezek. Dena den, baieztatu du hildakoak bi gizon heldu direla, eta haien "izenengatik, britainiarrak direla" uste dutela, azken datu hori baieztatu gabe izan arren. Ertzaintza eta forentseak istripuaren nondik norakoak aztertzen ari direla gaineratu du jaurlaritzaren teknikariak; gorpuak menditik noiz jaitsiko dituzten ez zekien Lopezek adierazpenak egin dituenean.
Istripua nola gertatu zen galdetuta, ibilgailua Hernion "975 metro inguruko altueran" erori zela argitu du Lopezek. Era berean, Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak jakinarazi du Portumatza inguruan, Hernioko tontorretik gertu, gertatu zela ezbeharra. Halere, ez dakite zerk eragin zuen istripua, eta hori ikerketak argituko duela gaineratu du Lopezek. Teknikariak zehaztu du, hori bai, "inpaktu oso gogorra" jasan zuela hegazkinak eta su hartu zuela horren ondorioz: "Zati txikiak bakarrik aurkitu ditugu". Hegazkin arinaren hondakinak menditik noiz eta nola aterako dituzten ez du zehaztu jaurlaritzaren teknikariak, Espainiako Abiazio Zibilarekin lotuko dituzte egin beharreko pausoak; bien bitartean, gelditu diren zatiak "egonkortzen" ahaleginduko dira Hernion lanean ari diren larrialdi zerbitzuetakoak.
Ernataitz baserria. (Ane Olaizola)
Atzo Hernio mendia jo zuen hegazkina partikularra zen –hau da, ez komertziala–; Piper Arrow PA-28 bat zen. Cascaisen, Lisboa ondoan, aireratu zen hegazkina, eta Lopezek argitu duenez, hasiera batean bidaiariek ez zuten zehaztu non hartuko zuten lur. Dena den, bidean zihoazela Hondarribiako aireportuarekin jarri ziren harremanetan, han lur hartzeko asmoz, baina aireportu horrek 13:24ean galdu zuen hegazkinaren arrastoa, eta orduan jaso zuten larrialdi zerbitzuek abisua. Era berean, Errezilgo Ernataitz baserriko bi baserritarrek hegazkin baten motorra isildu zela entzun zuten handik gertu, eta horietako batek udaltzain bati abisua eman zion. UROLA KOSTAKO HITZAk baserri horretako Inazio Eizmendirekin hitz egin du, eta hark azaldu du "eztanda handi bat" entzun zutela. "Eztanda entzun orduko pentsatu genuen zerbait larria gertatu zela".
Bi zantzu horiek tarteko, atzo arratsaldeko lehen orduan hasi zituzten erreskate taldeek hegazkin arina eta hango bidaiariak aurkitzeko lanak, eta hegazkinaren zatiak erabat kiskalita eta pertsona baten gorpuzkiak topatu zituzten tontorretik gertu oinez bila ari ziren erreskate taldeko kideek. Helikopteroz ere aritu ziren bilaketa lanetan, baina behe-lainoa tarteko, ezin izan zuten bilaketa behar bezala egin.
Hernio mendia, gaur goizean. (Ane Olaizola)
Errezilen, beste konturik ez
Istripua gertatu zenetik, ezohiko giroa da nagusi Errezilen. Normalean baino jende gehiago dabil herrian, kazetarien joan-etorriak tarteko. Gainera, beste da konturik ez da herritarren artean. Istripua zerk eragin zuen, non gertatu zen, zein ote ziren bidaiariak... Halako iruzkinak entzun daitezke istripuaren biharamunean herrian. "Sekula ez da horrelakorik gertatu Errezilen", azaldu du herritar batek.