Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gurea pilotalekuan izango da, 19:00etan hasita, eta Aitzol Atutxa dimoztarrak eta Julen Alberdi 'Txikia IV'.a azkoitiarrak Mikel Larrañaga azpeitiarraren eta Eneko Otaño beizamarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi Harri Txapelketan, berriz, Jon Unanue 'Goenatxo III'.a lehiatuko da.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren saioa izango da zapatuan Azkoitiko Gurea pilotalekuan, 19:00etan hasita. Hain zuzen ere, txapelketaren bigarren jardunaldia izango da, eta Aitzol Atutxa dimoztarrak eta Julen Alberdi Txikia IV. azkoitiarrak Mikel Larrañaga azpeitiarraren eta Eneko Otaño beizamarraren aurka neurtuko dituzte indarrak. 26 enbor ebaki beharko dituzte aizkolariek, lau modutara: erlojuaren kontra, zutik, etzanda eta txanda librean.
Azkoitian indarrak neurtuko dituzten bikoteak txapelketaren A multzokoak dira. Joan den Errege egunean Deban jokatu zuten txapelketaren lehen jardunaldia, han ere A multzoko bikoteak aritu ziren lehian, eta Larrañaga eta Otaño nagusitu zitzaizkien Xabier Orbegozo Arria II.a errezildarrari eta Jon Rekondori. Aipatutako hiru bikoteek osatzen dute A multzoa, denak denen kontra jokatuko dute sailkapen fasea, eta lehen postuan sailkatzen denak zuzenean lortuko du finalerako txartela. Beraz, txartela eskuetan izango dute Larrañagak eta Otañok zapatuan irabaziz gero. B multzoan, berriz, bi bikote daude: Iker Vicente-Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza-Iñaki Azurmendi. B multzokoen arteko jardunaldi bakarra ere eskualdean jokatuko da, Iraetan, hain zuzen ere, hilaren 20an.
Lehian ari diren bost bikoteetatik hiruk jokatuko dute finala: A taldetik zuzenean sailkatuko denak eta gainerako lau bikoteen artean erabakiko diren bi finalaurreetako irabazleek.
Bi Harri Txapelketa eta Emakumezko Aizkolari Txapelketa
Binakako aizkolarien jardunaldia ez ezik, harri-jasotzaileen Bi Harri Txapelketaren bigarren jardunaldia ere izango da jokoan zapatuan Gurean. Hain zuzen ere, Jon Unanue Goenatxo III.aren txanda izango da. Azkoitiarrak 175 kiloko errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin bete beharko ditu lanak, harri bakoitzarekin bost minutuko txanda banatan.
Emazkumezkoen Aizkolari Txapelketaren barruan, berriz, Nerea Sorondo beratarra eta Itsaso Onsalo aresoarra buruz buru ariko dira Azkoitiko saioan.