Arria V.ak lortu du Urrezko Aizkolari Koparen finalerako txartela

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 9a

Urrezko Aizkolari Koparen bigarren finalaurrekoa jokatu dute gaur goizean, Aizarnazabalen, eta Xabier Orbegozo Arria V.a nagusitu da proban. Horrenbestez, hilaren 31an Asteasun jokatuko duten finalerako txartela lortu du errezildarrak. 12:00etan hasi da finalaurrekoa Aizarnazabalgo pilotalekuan, eta Arria V.ak Jon Rekondo izan du aurrez aurre. Bi aizkolariek hamalau kanaerdiko ebaki behar izan dituzte. Arria V.ak, 37 minutu eta 50 segundo behar izan ditu proba amaitzeko, eta Rekondok minutua eta hamasei segundo beranduago amaitu ditu lanak. Rekondo mendean hartuta, beraz, errezildarra sailkatu da finalera. Oraingoz, Arria .Va da, Mikel Larrañaga azpeitiarrarekin batera, Urrezko Aizkolari Koparen finalera sailkatuta dagoena. Urrezko Aizkolari Koparekin batera, Gabonetako Harri-jasotze Kopa jokatu dute Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarrak eta Imanol Albizu Goikoetxeak. Zilindro zaharrarekin, harri kubikoarekin eta bolarekin hiruna minutuko probak jokatu dituzte bi harri jasotzaileek, eta guztira 85 jasoaldi eginda, Peña nagusitu da kanporaketan —Albizuk 81 jasoaldi egin ditu—. Hori hala, aizarnazabaldarra ere Asteasuko finalera sailkatu da. Horrez gain, Gabonetako Emakume Ingude kopen saioa ere jokatu dute Aizarnazabalen, eta Maika Aristegi nagusitu da. Argazkiak: Ibon Errazu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide