Alazne Apalantza. (Tolosaldeko Ataria)
Lagun arteko elkarrizketek ireki zioten erditze kontzienteen munduko leihoa eta, gaur egun, Alazne Apalantza fisioterapeuta elkarlanean aritzen da, Joana Aguado psikologoarekin eta Maialen Albistur emaginarekin, gurasoei ikastaroak eskaintzen. Indarkeria obstetrikoa jasandako emakume askoren testigantzak ezagutzen ditu, baina baita osasun sisteman jende zoragarria ezagutu duten gurasoen bizipenak ere.
Zer da indarkeria obstetrikoa?
Batzuentzako gehiegikeria obstetrikoa zerbait fisikoa izango da eta, beste batzuentzat, berriz, artatu zituzten modua izango da. Ulertu behar dugu, erditzean tresneria halabeharrez erabili baldin badugu, hori ez dela biolentzia: horrek nire semea edo alaba larrialdi egoera batetik salbatuko du, azken finean. Horregatik, gurea elkarlaneko lana izaten da. Adibidez, kontsultara irits daiteke emakume bat, bi urtean sexu harremanik eduki ezin izan duena, baginan duen orbanagatik. Ordea, motxila emozionala ere gainean dakar, beraz, nahiz eta nik orbana landu, eta nahiz eta nik orbana ukitutakoan berak minik ez sentitu, buruan ere badu orbana.
Orban psikologikoak ezkutuagoan daude, are.
Uste dut ezagunagoak izan daitezkeela erditzearen ondorio fisikoak, baina sortzen dituen eragin emozionalak ez direla aintzat hartzen. Norbere pertzepzioa ere bada, eta posible da emakume bati sekulakoak egitea eta berak hori normaltzat hartzea, eta posible da, egoera berean, emakume batek sentitzea gaizki tratatu dutela. SEGOk (Espainiako Ginekologia eta Obstetrizia Elkarteak) berriki egin duen kanpaina ere aipatzekoa da: "Gu medikuak gara, hemen ez da ezer gertatzen". Aldiz, OMEra deituta, zenbakiak oso desberdinak, dira.
Euskal Herrian, datu publikorik ez dago;
www.elpartoesnuestro.es atarian 2010eko zenbakiak argitaratuta daude. Bada, ospitale publikoetan zesareak erditzeen %12, %14 edo %18 baldin badira, Poliklinikan tasa %26koa izan ohi da. Ez da kasualitatea; posible da emakume horiek, beren beldurrengatik, hori nahi izatea. Dena den, zalantzak sorrarazten dizkit datu horiek publiko ez egite hutsak, zeren, guztia ondo egiten ari baldin bagina, ez legoke arazorik datu horiek argitaratzeko.
Beste erkidego batzuen aldean gu oso ondo gaude, baina horrek ez du esan nahi hemen ere aldaketarako beharrik ez dagoenik. Tolosaldeko emakumeek badute halako etiketa bat ospitaleetan, gai honen bueltan indar handia egiten dutelako. Baina posible da eskualdean egon diren emaginengatik izatea, eta baita beste zenbait eragile lanketa bat egiten ari garelako ere.
Izan ere, "dena ondo" joan dela esaten dugunean, zer da? Niretzat dena ondo egotea da, haurra ondo egoteaz gain, amak punturen bat izatea, baina aberiarik ez izatea. Baina, oro har, "dena ondo" horrek esan nahi du "bizirik gaude". Eta, gero, hasten zaizkizu kontatzen hemorragia edo odoljario bat izan zuela, haurra eraman zutela, eta abar.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen
lotura honetan.