Euskaraldirako hamaikakoa aurkeztu dute Errezilen

Urola Kostako Hitza 2018ko azaroaren 19a

Errezilgo hamaikakoa. (Hitza) Ate joka da Euskal Herri osoan egingo duten Euskaraldia ariketa soziala, eta egitasmoaren atarian, hamaikakoa osatu dute Errezilen ere. Herritarrak Euskaraldira gonbidatzeko asmoz, genero, adin eta esparru desberdinetako 11 errezildarrek osatu dute taldea. Hain zuzen ere,  Iñaki Labakak, Jone Irulegik, Maitere Bengoetxeak, Garazi Urdalletak, Elaia Azpillagak eta Eneko Agirretxek osatu dute hamaikakoaren Ahobizien taldea; Belarriprestak, berriz, honako hauek dira: Patricia Aparecida, Andoni Rodelgo, Eckbert Scheufler, Xebero Agirretxe eta Felix Rodrioguez. Honako irakurketa hau plazaratu du hamaikakoak, herritarrak egitasmorako aktibatzeko asmoz: "Herri euskalduna da Errezil. Gure artean euskaraz hitz egiten dugu: etxean eta herrian, lagun artean, dendan, tabernan, eskolako patioan. Euskeraz moldatu eta bizi gara ondoen. Euskal Herri osoan, euskaraz bizitzeko aukera daukagun herri pribilegiatua gara. Herri euskalduna izanagatik ere, erdarekin ere badaukagu lotura: euskeraz ez dakiten herritarrekin erdara erabiltzen dugu, eta baita, euskaraz ulertzeko moduan dauden herritar batzuekin ere. Horiek dira gure ohitura nagusienak.
Euskaraldiak gonbidapen berri bat egin du Euskal Herri osoan bezala, Errezilen ere. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, 11 egunez, ariketa berri bat egitea. Ahobizi edo Belarriprest izatea. Ahobiziok gure herrian euskara ulertzen dutenekin euskaraz egiteko ariketa egingo dugu. Edozein dela ere egoera, euskarari eutsiko diogu. Berdin jokatuko dugu Errezildik kanpo gabiltzanean ere: gure lehen hitza euskaraz egingo dugu, eta ulertzen gaituzten guztiekin euskarari eutsiko diogu. Belarriprestok gonbidatuko ditugu errezildar guztiak gurekin euskaraz hitz egitera. Izan ere, ulertzen zaituztegu euskaraz ari zaretenean. Elkarrizketa guztietan euskarari eusteko konpromisorik hartuko ez badugu ere, euskaraz dakien horri gonbidapena egingo diogu guri euskaraz lasai egiteko. Gure herrian, gure lantokian, Errezildik kanpora goazen beste edozein herri edo tokitan. Euskal Herri osoko ehunka herritan bezala, Errezilen ere hamaikakoa sortu dugu, eta hauxe da gure mezua: Gertura zaitezte Euskaraldia ekimenera. Goazen denok batera proba berri hau egitera: Errezilen eta beste herrietan gabiltzanean; etxean eta lanean; kalean eta mendian. Belarriprestok herriko harremanak euskeraz izateko aukerak irabaziko ditugu. Ahobiziok edozein egoeretan euskaraz hasi eta jarraitzeko erronka zail-errazagoak izango ditugu. Herrian eta herritik kanpo. 11 egunez, etenik gabe. Aukeratu duzuen rolaren txapa eraman beti gainean jantzita, eta eragin zuen inguruan ilusioa eta euskerazko harremanak hobetzeko desio indartsua. Errezildarrok, Euskaraldia biziarazteko prest!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide