Gaur-gaurkoz, hamazortzi bikotek eman dute izena Errezilgo IV. Kros Mistoan

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 15a, 11:46

oraindik ere eman daiteke lasterketarako izena 'herrikrosa.eus' webgunean. Igandean ere eman ahal izango da izena, lasterketaren aurretik. Probaren aurretik gaztetxoen lasterketak izango dira, eta ondoren ardo dastaketa. Bakarrizketa saioa antolatu dute arratsalderako.

Iazko Errezilgo kros mistoa. (Argazkia: Ihintza Elustondo) San Martin jaiei segida emanez, igandean festa eguna izango dute Errezilen. Izan ere, Kros Mistoaren laugarren edizioa jokatuko dute 11:30ean Goiko plazatik hasita. Gaur-gaurkoz, hamazortzi bikotek eman dute izena bost kilometroko probarako, baina oraindik ere eman daiteke lasterketarako izena herrikrosa.eus webgunean. Larunbata bitartean izena ematen dutenek hogei euro ordaindu beharko dute, eta igandean bertan, 25 euro. Helduen lasterketaren aurretik, 10:30ean hasita, baina, gaztetxoen krosak egingo dituzte: Haur Hezkuntzako umeek elizari buelta bat emango diote; Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoek elizari bi buelta; Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek eskolari buelta bat; Lehen Hezkuntza 5. eta 6. mailakoek eskolari eta elizari buelta bana; eta DBHko ikasleek Arabeko eta elizako buelta egin beharko dituzte. Kirola soilik ez Kirol proben ostean ere izango da zer egin igandean Errezilen. Hain zuzen ere, 13:30ean hasita, ardo dastaketa egingo dute Dantzalekuan, eta mokaduez ere gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Egitasmoaren antolatzaileek azaldu dutenez, iaz egin zuten lehen aldiz dastaketa, eta "arrakastatsua" izan zenez, berriz antolatzea erabaki dute. Jubilatuen Eguna ere izango da igandean, eta horiek meza eta Borondegin bazkaria izango dituzte. Arratsaldean, berriz, Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa saioa eskainiko dute Borondegiko aretoan. 18:00etan hasiko da Euskaraldiaren atariko ekitaldia. Errezilgo Kirol Mahaiak antolatu ditu haurren lasterketak eta IV. Kros Mistoa, eta mahaiko kideek azaldu dutenez, igandeko egitaraua antolatzeko ezinbestekoa izan da boluntarioen lana. "Horiei esker da posible halako egitasmoak antolatzea", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide