Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Errezilgo Udalak euskara ikasteko diru laguntzak arautuko dituen behin betiko ordenantza onartu du, eta horren eraginez, euskara ikasten duten euskara ikasten ari diren errezildarrek ordaindutakoaren zati bat jaso ahal izango dute aurrerantzean.
Diru laguntzak lortzeko, ikastaroaren %80ko asistentzia bermatu eta ikastaroa bukatu beharko dute ikasleek. Era berean, onuradunek "gutxieneko errendimendua" lortu beharko dute ikastaroetan. Gainera, euskaltegiak ziurtatu beharko die baldintza horiek bete dituztela diru laguntzak jaso ahal izateko. Laguntzei dagokienez, soldatapekoek ordaindutako matrikularen erdia jasoko dute ikasturtearen amaieran, eta langabeei ordaindutakoaren %75 itzuliko diete.
Diru laguntzak eskatzen dituztenek Errezilen erroldatuta egon behar dute gutxienez ikasturtea hasten den irailaren 1etik hurrengo urteko irailaren 30era bitartean, bi egunak barne. Horiek ikastaroa hasi aurretik, irailaren 15a baino lehen jakinarazi beharko dute ikastaroa egiteko eta laguntza eskatzeko asmoa dutela udaletxean. Era berean, zer ikastaro den, zenbat balio eta iraungi duen zehaztu beharko dute. Udalak ohartarazi du ez dituela kontuan hartuko ikastaroa amaitu ondoren eskatzen diren diru laguntzak.
Laguntzak eskatzen dituztenek, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udaletxean: matrikularen ordainagiriaren fotokopia; ikastaroaren ordu teorikoen, eskatzailearen asistentziaren eta ikasleak ikastaroaren hasieran zuen maila eta ikastaroaren bukaeran lortutako mailaren berri ematen duen euskaltegiko agiria; eta eskatzailearen lan egoera eta ikasle edo jubilatu direla jakinarazten duen agiria.
Udalak euskara ikasteko ikastaroak lagunduko ditu diruz, baina erakunde edo enpresa batek ordaindutako ikastaroek ordenantzatik kanpo geratu dira.