Gaztetandik kultur elkarteak antolatuta,
Errezilgo Sagardo Txapelketa jokatu zuten atzo, larunbata, iluntzean, herriko pilotalekuan. Inoizko parte hartzerik handiena izan zuen txapelketak, guztira, Errezilgo hemezortzi baserri lehiatu baitziren. Herriko baserrietan ekoitzitako sagardoa dastatu ahal izan zuten epaileek eta frontoira bertaratu zirenek, eta haien ustez, Ezama Enea baserriko sagardoa zen onena. Izan ere, txapelketako bi sariak, ofiziala eta herrikoia, irabazi zituen Ezama Eneak.
Atzoko txapelketan, honako baserri hauek lehiatu ziren: Buztin Zuri, Irure Txiki, Estrada Zaharra, Lasturreta, Umanosoro, Mendiola Goikoa, Basabe, Abieta Barrena, Abieta Goena, Ezama Enea, Urdalleta, Mugarrieta, Agerre Goikoa, Zumeta, Aranguren, Mendiola, Irure eta Aritzeta Goikoa. Lehiaketa ofizialari zegokionez, Umansorok eta Estrada Zaharra baserriak geratu ziren sailkapenaren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Epaimahaiak ez ezik, ordea, herritarrek ere botoa emateko aukera izan dute aurten ere, eta boto gehien jasotako baserriak sari herrikoia irabazi du. Ezama Eneak jaso zuen sari hori, eta haren atzetik geratu ziren Agerre Goikoa eta Umansoro baserriak, hurrenez hurren.
Gauera arte luzatu zen Errezilgo Sagardo Txapelketak, eta beste behin ere harrera beroa izan zuen ekitaldiak; izan ere, herritar ugari elkartu zen baserrietako sagardoa dastatzera. Hamar euroren truke parte har zezaketen herritarrek txapelketan, eta sagardoa ez ezik, pintxoak, postrea eta kafea hartu ahal izan zuten bertaratutakoek.
(Argazkiak: Gaztetandik kultur elkartea)
Beste urte batez, harrera
Gaztetandik kultur elkarteak Errezilgo Sagardo Txapelketa antolatu du seigarren urtez. Larunbatean jokatuko da txapelketa herrikoia, eta 20:00etatik aurrera, Errezilgo baserrietan ekoitzitako sagardoa dastatu ahal izango dute bertaratzen direnek.