Hemezortzi sagardogile lehiatuko dira Errezilgo Sagardo Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 3a

Larunbatean jokatuko dute seigarren urtez txapelketa herrikoia, Gaztetandik elkartearen eskutik. Antolatzaileek 10 eurotan jarri dute sarrera, eta bertaratzen direnek sagardoa, pintxoak, postrea eta kafea dastatzekeko aukera izango dute, eta sari herrikoirako botoa eman ahal izango dute.

Iazko Errezilgo Sagardo Txapelketako irudi bat. (Hitza) Gaztetandik kultur elkarteak Errezilgo Sagardo Txapelketa antolatu du seigarren urtez. Larunbatean jokatuko da txapelketa herrikoia, eta 20:00etatik aurrera, Errezilgo baserrietan ekoitzitako sagardoa dastatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Antolatzaileen arabera, aurreko urteetan baino parte hartzaile gehiago izango da aurtengo txapelketan. Izan ere, Errezilgo 18 sagardo ekoizle lehiatuko dira larunbatean, iaz baino zazpi gehiago. Sagardogileek beraien etxeetan egindako sagardoa izango egun horretan edan ahal izango dena, eta "lagunarteko giroan" eramango dute aurrera txapelketa. Gaztetandikek adierazi duenez, hiru adituk osatuko dute epaimahaia, eta horiek mahaitik mahaira ibiliko dira sagardoa dastatzen. Bukaeran, sagardo onenaren saria eta sari herrikoia banatuko dituzte, eta irabazleek txapela eta garaikurra jasoko dituzte. Elkarteak azpimarratu du "herri giroko ekitaldi ederra" izaten dela Errezilgo Sagardo Txapelketa, errezildarrak ez ezik, inguruko sagardo zaleak ere joaten dira herriko baserrietako sagardoa dastatzera. Hamar eurotan, sagardoa ez ezik, nahi beste pintxo, postre eta kafe izango dute hara joaten diren herritarrek, eta gehien gustatu zaien sagardoaren aldeko botoa emateko aukera ere izango dute. 20:00etatik 22:30era ingurura bitartean iraungo du txapelketak, eta eguraldiaren arabera, dantzalekuan edo pilotalekuan elkartuko dira. Izan ere, eguraldi ona eginez gero, frontoiaren goialdean dagoen dantzalekuan egingo dute ekitaldia, iaz bezala. Euria egiten badu, ordea, pilotalekuan bertan bilduko dira. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide