Orain Presoak dinamikak deituta, argazki erraldoia aterako dute datorren igandean, hilak 30, Zelatungo larreetan, 12:30 aldera. Hitzorduaren xedea da urriaren 20an presoen eskubideen defentsan Donostian egingo den manifestazioari babesa agertzea. Horregatik, Sarek dei egin die herritarrei igandean Zelatunen aterako den argazkira ager daitezen.
Iraila berezia izaten da Errezilgo Hernio mendian. Hilabete horretako igande guztietan tontorrera igotzeko ohitura da, eta, ondoren, erromeria izaten da Zelatunen. Ohitura hori aprobetxatuta aterako dute Orain Presoak dinamikari babesa agertzeko argazkia.
Presoen eskubideen defentsan Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako deitutako manifestazioa hasiera batean Bilbon egitekoak baziren ere, Donostian egingo dute azkenean. Hitzordu horretara joateko autobusa antolatu du Azpeitiko Sarek, eta joan zen astean zabaldu zuen autobuserako izen-ematea. Mobilizaziora autobusez joan nahi dutenek Orkatz kultur elkartean eman dezakete izena. Urriaren 20an 15:45ean irtengo da autobusa Azpeitiko anbulatorio aurretik Donostiara. Manifestazio, aldiz, 17:00etan hasiko da Donostiako Antiguoko tuneletik.